Itxi

EITB TALDEA

Arrakasta

Berlin International TV Series Festival jaialdian hautatu berri dute "Porno Belaunaldia" saioa

EITB Media

Dokuserie onenaren atalean izan da aukeratua. Ez da jasotako lehen aitortza; izan ere, Pello Sarasola saria irabazi zuen martxoan, eta ARFF BARCELONA AWARDS golardoa ere eman zioten apirilean. Berriki, lanaren "ausardia" azpimarratu dute INPUT 2024 nazioarteko konferentziako profesionalek.

  • "Porno Belaunaldia" saioaren irudia

    "Porno Belaunaldia" saioaren irudia

EITBren "Porno Belaunaldia" dokuserieak nazioarteko aitortza berria jaso du, Berlin International TV Series Festival jaialdian hautatu berri baitute, Best Docu-Series atalean. Azken arrakasta honek agerian utzi du beste behin "Porno Belaunaldia" dokumental sailaren apustuaren bikaintasuna, jada hainbat sari eta aipamen lortu baititu lanak, tartean telebista autonomikoetako programarik onenaren Pello Sarasola saria martxoan, eta ARFF BARCELONA AWARDS golardoa, Envision Award Winner kategorian, apirilean.

Joan den maiatzean, gainera, harrera oso ona izan zuen INPUT 2024 mundu osoko komunikabide publikoetako sortzaileen urteroko hitzordu entzutetsuan. Charlestonen (Hego Carolina, AEB) egin zuten nazioarteko konferentzia, eta bertan gai korapilatsu bati heltzeko ETBk erakutsitako "ausardia" azpimarratu zuten, baita gaia lantzeko "modu konstruktiboa" ere.

Lekukotasun eta testigantzen bitartez, nerabeen eta sexuaren eta pornografiaren arteko egungo harremana filtrorik gabe erakusten duen saioa da "Porno Belaunaldia". Ikusgai dago PRIMERAN streaming plataforman eta EITB Nahieran atarian.