EITB TALDEA
Euskarazko soinu-fikzioa
EITBk Audiogile Berriak ekimeneko Xabier Payaren eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren lanak ekoitziko ditu
EITB Media
GUAU-Gure Audioa soinu-plataforma estreinatzearekin bat emango dira argitara 'De rigor mortis' eta 'Enkantea', Tabakalerak eta EITBk sustatutako egitasmoaren lehen deialdian hautatutako soinu-fikzioak.
Tabakalerak eta EITBk sustatutako Audiogile Berriak egitasmoaren lehen deialdian hautatutako hiru soinu-fikzio proiektuetatik, Xabier Payaren De rigor mortis eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren Enkantea ekoitzi eta zabalduko ditu EITBk. Udazkenean egingo da argitalpena, GUAU-Gure Audioa soinu-plataforma estreinatzearekin bat, Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digitaleko zuzendariak aurreratu duenez. Une horretan, halaber, jarriko da abian Audiogile Berriak II. deialdia. Ekimenaren helburua euskal soinu-fikzioa bultzatzea da, aukeratutako proiektuen kalitateari eta bidegarritasunari erreparatuta.
Xabier Paya, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa
Oso gustura agertu da emaitzarekin Maite Goñi. "EITBrentzat euskarazko audio-fizkziozko sormena estrategikoa da, mundu digitalerako euskarri eta produktu natiboen etapa ireki den honetan. GUAU-Gure Audioa audio plataforma ere badatorrenez, audio-fikziozko gidoigintza euskaraz indartu eta bultzatu nahi dugu, eta Audiogile Berrien ekimenarekin jasotako uztak utzi digun emaitza ona ikusita, hurrengo kurtsoan bigarren edizioa aurkeztuko dugu", azaldu du.
Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, halaber, EITBren eta Tabakaleraren arteko lankidetza goraipatu du: "Bi erakundeek sustatu dugu lehen aldiz euskarazko soinu fikzioa bultzatzen duen ekimen hau. Ekoiztu aurretik, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategia mentorizazioen eta sortzaileen aholkularitzaren topaleku izan da, otsailetik maiatzera bitartean, eta oso pozik gaude orain bi proiektuk errealitate bihurtzeko bidea egingo dutelako".
Esan bezala, euskarazko fikziozko audio-gidoigintza sustatu nahi duen ekimen honek hainbat mugarri izan ditu: "Deialdi irekia gidoi proposamenak aurkezteko, hiru aukeratuen mentorizazioa zein garapenerako laguntza, eta, azkenik, lan onenen aukeraketa eta ekoizpena", azaldu du Itziar Aranguren epai-mahaian parte hartu duen EITBLabeko lankideak.
Xabier Payarentzat lehen saria
Lehen edizio honetan lehen saria Xabier Payarentzat izan da. De rigor mortis bere proiektuaren inguruan honako hau dio epaimahaiak: "Egiaztatu dugu maisuki idatzitako euskal fikzioa dela, entzuteko bereziki idatzitakoa eta oso publiko zabalarentzat. Gainera, 4 kapitulu independente eta autonomoetan banatu du fikzio hau Xabier Paya bertsolariak. Elkarrizketa gogoangarriak ditu eta musikaren erabilpen orijinala proposatu du. Pertsonaia gutxi ditu eta den-denak maisuki garatuta daude, oso izaera berezia eraiki die banaka-banaka Payak. Azkenik, azpimarragarria da gidoi honen garapenean egin den dokumentazio zientifiko sakona". Halaber, "lan apurtzailea eta ausarta" delako aukeratu dute aurtengo irabazle.
Enkantea lanaren inguruan, berriz, epaimahaiak hau ebatzi du: "Baikorki baloratu du testuaren indarra, suspensearen aukera eta publiko gaztea erakartzeko daukan indarra. Transmedia ekoizpen baterako aukerak ikusi dizkio modan dagoen misteriozko audio-fikzio honi. Beste garai batera garamatzan proposamen honek audio-diseinu polita proposatu du. Cluedo jolas dibertigarria izateaz gain, benetako gertakari eta izenekin jantzita dago kontaketa". Bigarren postua eman dio "korala eta dinamikoa izateagatik".
Aurretik, Xabier Payaren zein Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren proiektuak, Iñaki Cid Larrearen lanarekin batera, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian garatzeko aukera izan dute aurtengo otsailetik maiatzera bitartean. Prestakuntza eta lana uztartu dituzte. 2.000 euroko laguntza jaso dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izan dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izan dituzte.