Itxi

EITB TALDEA

Estreinaldia

PRIMERANek "Iban & Maite Beauty" saio berria dakar, Iban Garciaren eta haren ama Maite Azpiazuren eskutik

EITB MEDIA

Ileapaindegia ireki berri dute, eta Euskal Herriko hainbat aurpegi ezagun hartuko dituzte bertan, look aldaketa ikusgarria egin eta solaserako prest. Elkarrizketa ganberroen programa berria, igandetik aurrera, astero.

  • "Iban & Maite Beauty"

    "Iban & Maite Beauty"

Iban Garciak eta haren amak, Maite Azpiazuk, ileapaindegi berria zabaldu dute: "Iban & Maite Beauty". Euskal Herriko pertsonarik ezagunenak izango dituzte bertan eta look aldaketa ikusgarriak egingo dizkiete, itxura goitik beheraino aldatuta. Ibanen eta Maiteren estilo zuzen eta dibertigarriarekin, elkarrizketa original eta ganberroak ekarriko dizkigute. Izan ere, gazteei euskal kultura eta euskal erreferenteak gerturatu nahi dizkie saio berriak, betiere, modu jostagarrian. Horretarako, izugarrizko showa proposatuko digute, makina bat sorpresarekin. Sauna, aurpegiko tratamenduak, masajeak, orrazkera ezberdinak, pedikurak… Denetik egiten dute ileapaindegi honetan, eta sekula ez dakigu zer gertatu daitekeen bertan. Hauekin ez dago sekula aspertzerik! Igandetik aurrera, PRIMERAN plataforman.

Euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da PRIMERAN, eta doakoa. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere; eta astero dakartza titulu berriak. Hala, "Iban & Maite Beauty" proposamen berriaz gain, ostegun honetarik aurrera Unicorn wars fikzioa ere eskainiko du, 2023ko Goya sarietan animazio film onena. Alberto Vazquez zinemagileak zuzenduta, Uniko Bilboko etxeak EITBren parte-hartzearekin ekoitzitako filma da eta hartz txikien eta adarbakarren arteko aspaldiko gerraren istorioa kontatzen du, gerraren aurkako fabula. Nahikoa da PRIMERAN plataforman erregistratzea honetaz eta askoz gehiagoz gozatzeko, doan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB