Itxi

EITB TALDEA

Erremontea

EITBren Miramongo egoitzak hartu du "Erremontari Herriz Herri" ekimenaren aurkezpena

EITB Media

EITBren laguntzarekin, erremontea euskal herritarren artean ezagunago egitea lortzen ari da proiektua. Lehen edizioaren arrakastaren ondotik, aurten 17 herritara zabalduko dira jaialdiak, iaz baino zortzi gehiago.

  • Ekimenaren aurkezpeneko argazkia, EITBren Miramongo egoitzan

    Ekimenaren aurkezpeneko argazkia, EITBren Miramongo egoitzan

Oriamendi enpresak, EITBren babesarekin, "Erremontari Herriz Herri" ekimenaren 2. edizioa jarriko du martxan, erremontea jende gehiagorengana hurbiltzea helburu duen ekimena. Ostegun gauero ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai dugun "Erremontari" txapelketaz gozatzearekin batera, Euskal Herriko zenbait herritan jaialdiak egingo dira (doakoak), jendeak kirol ikusgarri hau zuzenean ezagutzeko. 2023ko esperientzia arrakastatsuaren ondotik, aurten 17 herri batu dira lehiaketara, iaz baino zortzi gehiago: Aizarnazabal, Bergara, Urnieta, Lekunberri, Andoain, Hondarribia, Ordizia, Altsasu, Pasaia, Zumarraga, Villabona, Hernani, Beasain, Arrasate, Zestoa, Errenteria eta Zumaia. 

Udalerri horietako alkate eta ordezkariak egon ziren atzo arratsaldean Miramonen egindako aurkezpenean, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua, Iñigo Garcia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria eta Xabi González Oriamendiko gerentea lagun.