Itxi

EITB TALDEA

EITB, informazioan erreferente

Kataluniako hauteskundeak bertatik bertara jarraituko ditu EITBk, informazioa eta analisia geuregana ekartzeko

EITB MEDIA

EITBko lantalde zabala izango da Bartzelonan, eta handik egingo dituzte hainbat albistegi eta saio berezi: ostiraleko "Gaur Egun" eta "Teleberri", igande gauean saio berezia Euskadi Irratian eta asteleheneko "Boulevard", "Faktoria", "Egun On" eta "En Jake" Kataluniatik izango dira.

  • Maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeak, EITBn

    Maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeak, EITBn

Igande honetan Katalunian egingo diren hauteskundeei arreta berezia eskainiko diete EITBren hedabideek, eta albistegi eta programa bereziak egingo dituzte Kataluniatik Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik. Informazioan eta zerbitzu publikoan erreferente izatearen konpromisoari eutsiz, kanpainaren azken orduak zein hauteskunde gaua eta horren biharamuna gertutik jarraituko ditu EITBko profesionalen lantalde zabal batek, informazio, datu eta analisi guztiak geuregana ekartzeko.

Gaur bertan hasiko da ETBren jarraipen berezia. Izan ere, ostiraleko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien atal bat Bartzelonatik egingo dute, Jonan Apaolaza eta Africa Baetaren eskutik. Eli Zunzunegik Artur Masi egindako elkarrizketa ere eskainiko dute. Hauteskunde gauari, nola ez, gertutik jarraituko diote Euskal Telebistan, eta saio bereziak izango dira ETB1en eta ETB2n. 21:30ean hasiko da ETB1en, Nerea Reparazekin; eta 22:30ean, berriz, ETB2n, Xabier Ormazabalek gidatuta. Bi saioetan Lierni Agirrezabala izango dute alboan. Biharamunean, gainera, Bartzelonatik egingo du Odei Esnaolak asteleheneko ETB1eko "Egun On" albistegiaren tarte bat, eta ETB2ko "En Jake" saioa 10:00etan hasiko da maiatzaren 13an. Kataluniako Parlamentuko kanpoaldeko set berezi batetik arituko da Xabier Lapitz.

Bestalde, ostiral honetan, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak hauteskunde kanpainaren itxiera jasoko dute "Ganbara" albistegian, Arantza Garciaren eskutik. Hala, 19:00etatik aurrera, ekitaldi nagusienekin zuzeneko konexioak egin dituzte. Igandean ere, 20:30etik aurrera, albistegi berezia egingo du Arantza Garciak berak, eta datu, elkarrizketa eta analisiaz gain, alderdi eta koalizio nagusienekin konexioak izango ditu. Astelehenean, berriz, "Boulevard" berezia egingo du Radio Euskadik, Bartzelonatik bertatik, Eider Hurtadok gidatuta. 08:00etatik 10:00etara izango da, eta datuen analisia eta elkarrizketak izango dituzte.

Euskadi Irratia, berriz, igandetik egongo da Bartzelonan, eta programa berezia egingo du Iñaki Guridik, 22:00etatik aurrera. Astelehenean ere Kataluniatik gidatuko du Guridik "Faktoria" albistegia, hauteskundeen biharamuna bertatik bertara aztertzeko.

Ohi bezala, hauteskundeen emaitzak zuzenean jarraitu ahal izango dira eitb.eus webgunean, EITB Albisteak aplikazioan eta EITBren sare sozialetan.