EITB TALDEA
Aliantza
EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial berria
EITB MEDIA
EITB Zinemaldiaren kolaboratzaile da duela bi hamarkadatik baino gehiagotik, baina edizio honetatik aurrera, askoz ere presentzia handiagoa izango du Babesle Ofizial gisa. EITBren eta Zinemaldiaren arteko lotura berriz gauzatuko da Zinemira eta Euskal Zinemaren Gala babestearen bitartez.
-
EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial berria
Donostia Zinemaldiak eta Euskal Irrati Telebistak (EITB) hitzarmen bat sinatu dute komunikazio-taldea Zinemaldiaren 72. edizioko Babesle Ofizial izateko. Zinemaldia garatzea eta indartzea xede duen kontratuak urtebeteko iraunaldia dauka, baina beste bi edizioz luzatzeko aukera izango da.
EITB Zinemaldiaren kolaboratzaile da duela bi hamarkadatik baino gehiagotik, baina edizio honetatik aurrera, ikus-entzunezko taldeak askoz ere presentzia eta informazio-estaldura handiagoa izango du Babesle Ofizial gisa, RTVE eta jaialdiko Media Partner den Movistar Plus+ -ekin batera.
EITBren ohiko informazio-hedapena indartuko da, Zinemaldiko bederatzi egunetan Donostiako erdialdean set pertsonalizatu bat izango baitu plato eta jarduera-zentro moduan baliatzeko. Han, irratiko zein telebistako programetan zuzeneko informazioa eman ahal izango dute, baita elkarrizketak eta bestelako edukiak grabatu ere, zuzenean zein grabatuta emateko. Gainera, Kursaalean irratiko seta izaten jarraituko du.
EITBren eta Zinemaldiaren arteko lotura berriz gauzatuko da Zinemira, euskal zinemari eskainitako saila, eta Euskal Zinemaren Gala babestearen bitartez. Gala horretan, ohiko proiekzioaren ordez, euskal kulturaren erakusgarri diren musika-emanaldiz eta artistaz osatutako ikuskizun bat izango da aurten. Bestalde, euskal enteak bere azken ekoizpenetakoren bat aurkeztuko du Victoria Eugenia antzokian egiten den EITB galan.
EITBk jaialdiaren jarraipen zabala egingo du bere hedabide eta euskarrietan (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, eitb.eus…), galak zuzenean emateaz gain, hain zuzen, inauguraziokoa, amaierakoa, Donostia sarienak eta Euskal Zinemaren Gala. Hala, albistegiek tarte zabala eskainiko diote Zinemaldiari, zuzeneko konexioen, erreportajeen, elkarrizketen eta kroniken bidez.
Bai Zinemaldiak, bai EITBk konpromisoa hartu dute "lankidetza-marko egonkorra" ehuntzeko. Horrek ekarri ahal izango du hitzarmena hurrengo bi edizioetan zabaltzea, alegia, 2025ekoan eta 2026koan, eta aldi horretan bi alderdiak saiatuko dira Zinemaldia indartzen "nazioarteko proiekzioa duen adierazpen kulturala den aldetik".