Egunotan Charlestonen (Hego Carolina, AEB) egiten ari diren INPUT TV 2024 nazioarteko konferentzian parte hartuko du EITBk astelehen honetan, maiatzak 6, eta "Porno Belaunaldia" dokuserie saritua aurkeztuko du bertan Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. Komunikabideen sortzaileentzako urteroko hitzordu entzutetsua da INPUT TV, eta mundu osoko telebista publikoen ekoizpenak eta lanak aurkezten dituzte bertan. "Porno Belaunaldia" dokumental sailaren eskutik, OMG, I can ere stop watching atalean parte hartuko du EITBk. Egungo nerabeek sexuarekin eta pornografiarekin duten harremana aztertzen du lanak, eta horren gakoak eta ezaugarriak azalduko ditu Unai Iparragirrek gaurko hitzorduan. Jada hainbat sari eta aipamen lortu ditu "Porno Belaunaldia" lanak: hala nola telebista autonomikoetako programarik onenaren Pello Sarasola Saria martxoan, eta ARFF BARCELONA AWARDS golardoa, Envision Award Winner kategorian, apirilean. Telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundea da INPUT, eta urtero konferentzia antolatzen du telebista publikoaren mugak eztabaidatzeko eta horiei aurre egiteko. Story telling in the public interest (Istorioak kontatu interes publikoaren alde) lelopean, mundu osoko 23 herrialdetako 78 saiok hartuko dute parte aurten, tartean EITBk eta "Porno Belaunaldia" programak. INPUT ez da ohiko jaialdi bat, ezta merkatu edo lehiaketa bat ere; hartara, ez du inolako interes komertzialik. Berez, zerbitzu publikoko ekoizpen berrien eztabaida sakon eta profesionalera bideratzen da, eta, oraingo honetan, eztabaidarako aukeratutako piezetako bat "Porno Belaunaldia" da. Horrek, beste behin ere, azpimarratu egiten du EITBren zerbitzu publiko izaera, erreferente sozial gisa. "Porno Belaunaldia" ikusgai dago PRIMERAN streaming plataforman eta EITB Nahieran atarian.