Itxi

EITB TALDEA

Pausoz pauso, bidea egiten

EITBk bat egingo du Erreginaren Kopako finalaren harira Donostian egingo den festa handiarekin

EITB Media

Barça-Real finala zuzenean eskainiko du euskaraz, ETB2n eta eitb.eus-en, eta, nola ez, gertuko jarraipena egingo diote EITBko hedabideek kirol hitzordu garrantzitsu honi. Horrez gain, Saguesen antolatuko diren ekitaldietan ere izango da EITB haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintzarekin.

0:00

Datorren maiatzaren 18an Realak Bartzelonaren kontra jokatuko duen Erregina Kopako finala dela-eta, Donostian, Pausoz pauso, bidea egiten lelopean, antolatuko den festa gunean parte hartuko du EITBk, Realarekin, Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ikus-entzunezko talde publikoak bat egingo du hitzordu garrantzitsuaren karietara Saguesen egingo den egun beteko familia festarekin, eta haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza zabala prestatuko du. 

Alde batetik, "Irabazi Arte"ko gunea egongo da: telesail ezaguneko protagonisten paperean sartu eta penaltiak jaurti edo geratzeko aukera izango dute. Gainera, Printzesak taldeko Norak, hots, Nahia Sillerok, EITBren guneko aurkezle lanak egingo ditu egun osoz. Bestalde, estreinatu berri den MAKUSI  gaztetxoei zuzendutako unibertso digitalak bere txokoa izango du, eta Gazteako DJak musikaz girotuko ditu finalaren aurreko bi orduak. Halaber, festaz gozatzen ari diren pertsonek final handia zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko du. 

Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak hartu du parte Donostian egindako prentsaurrekoan

Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak hartu du parte festa aurkezteko egindako prentsaurrekoan

FC Barcelona vs Real Sociedad, zuzenean, EITBn

EITBk lantalde zabala izango du Erreginaren Kopako finala zuzenean eskaintzeko, baita aurretik eta ondoren jarraipena egiteko. Partida zuzen-zuzenean eskainiko da  arratsaldeko 19:00etan, euskaraz, ETB2n eta eitb.eus-en. Orobat, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak zuzenean egingo dute emanaldiaren kontakizuna. 

EITB, maiatzaren 16tik, Zaragozan izango da berri ematen, eta Euskal Telebistako ostiral zein larunbateko kirol albistegien tarteak Zaragozatik bertatik egingo dira. Halaber, finalaren hiriburutik, partidaren atariko zuzeneko saioa egingo da ETB2n, eta "Koparen Bila" ETB1en. Elkarrizketatuak, kaleko giroa - Zaragozan zein Donostian-, azken finean, zirrara guztia gerturatuko diete EITBko hedabide guztiek ikus-entzuleei eta zaleei.