EITB TALDEA
EITB-REN ESKUTIK
MAKUSI jaio da, haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen plataforma digitala
EITB Media
Festa handia egingo da Donostiako Kursaalen, eta gauean eskainiko da ETB1en. Orotariko eduki eskaintza du MAKUSIk: marrazki bizidun eta telesailen 100 izenburu baino gehiago, 5.800 atal, 120 pelikula… 1.700 ordutik gora ikusgai, doan. www.makusi.eus webgunean dugu eskura unibertso digital berria.
Ostiral honetan, apirilak 26, jaio da MAKUSI, haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen unibertso digitala, EITBren eskutik. Jendaurreko aurkezpena ere egingo da gaur: goizean kultur eragileei eta komunikabideei zuzenduta ekitaldia egingo du EITBk Donostiako Kursaalen; eta, arratsaldean, berriz, etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako festa erraldoia, 2.000 bat haur eta gaztetxorekin. Bertan egoteko gonbidapenak agortuta daude, baina emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera izango da, 21:00etan. Horrez gain, iluntzean, 120 dronerekin sortutako argi ikuskizun berezia eskainiko da, kalean, unibertso digital berri honen jaiotza ospatzeko. Saguesen izango da, 21:30etik aurrera.
MAKUSI, haurrentzako euskarazko lehen palataforma digitala mugikor, tablet, web eta telebistarako
EITBk sortutako komunitate berri honetan entretenimendua da nagusi, euskaraz; eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte online esperientziak. MAKUSIk gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko. Hala, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzen du EITBk, baita haur eta gaztetxoen artean ere.
MAKUSI unibertsoak bi zutabe nagusi ditu: plataforma digitala eta kluba. Biak eskura izango ditugu, doan, www.makusi.eus webgunean.
MAKUSI doako plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza du: marrazki bizidunen eta telesailen 100 izenburu baino gehiago; 5.800 atal; 120 pelikula… 1.700 ordutik gora ikusgai. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskaintzen dira, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakusten du. Hartara, zerbitzu publiko gisa gizartea eraldatzeko apustu irmoari erantzuten dio beste behin EITBk.
MAKUSIren aurkezpen ofiziala
MAKUSI
Plataforma berriaren jaiotzarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu MAKUSIk: "Potx eta Lotx", txikienentzako pailazoen programa; "Kalaxka", Aritz Mendiolak eta @anepe.acedo-k aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta "Power Up", euskaraz sortutako fikzioa, bideojokoen mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena. Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte izango ditugu bertan protagonista.
"Kalaxka", "Power Up" eta "Potx eta Lotx"
Edukiak ikusteko nahikoa da erregistratzea, eta ohi bezala, plataforma berri hau gailu erabilienetan dugu eskuragarri: webgunean, mugikor eta tabletetan (aplikazioa Google Play eta App Storeren bitartez jaitsita); EITBko HbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster SmartTV telebistetan ere egongo da ikusgai (Samsung eta LG markako telebistetan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast eginda.
MAKUSI kluba
Umeen MAKUSI klubak, berriz, abantaila ugari eskainiko ditu: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, erabiltzaile-txartel digitala… Bertako kide egitea doakoa da. Kaleko ekitaldien agenda propioa ere izango du MAKUSIk, eta merchandising esklusiboa zein sare sozial propioak (Instagram eta TikTok).
Haurrentzako euskarazko entretenimendurik onena, aro digital berri baterako
MAKUSI zer ikusi