EITB TALDEA
Aliantzak
EITBk bere onena emango du beste behin Korrikaren emozio guztia herritarrekin partekatzeko
EITB MEDIA
EITBko hedabideek zuzenean eskainiko dute hasiera ekitaldia eta eitb.eus-ek zuzenean emango ditu lasterketaren irudiak, streaming bidez, 24 orduz. Errealizatutako seinalea Nahieran aplikazioan eta YouTube kanalean ere izango da ikusgai. EITBk 3 kilometro izango ditu: Iruñean, Bilbon eta Donostian.
Martxoaren 14tik 24ra, EITBko hedabide guztiek gertutik jarraituko dituzte Korrikaren urratsak, programa, tarte berezi eta zuzeneko emanaldien bidez. Harro Herri lelopean, herriz herri ibiliko da lasterketa eta EITBk Korrikarekin bat egingo du berriro ere, euskararen alde euskal gizartea batzen duen lasterketaren emozio guztia herritarrekin partekatzeko asmoz.
AEKrekiko aliantza horren barruan, asteazken honetan, Korrikaren 23. edizioaren jarraipen zabala aurkeztu EITBk Miramongo egoitzan. Aurkezpen ekitaldian izan dira Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Ane Elordi Korrikako koordinatzailea eta lasterketaren jarraipena egingo duten EITBko hainbat profesional.
Bere hedabideetan Korrikari egunero leihoa zabaltzeaz gainera, EITBk hiru kilometro izango ditu lasterketan. Lehen hitzordua martxoaren 16an izango da, 16:33an, Iruñean. Bertan, EITBk lekukoa eramango du 505. kilometroan (Iruñerritik Zabalgunera bidean, Amaiur 1 kalearen parean). Bigarren kilometroa martxoaren 21ean izango da, Bilbon, 19:35ean. 1887. kilometroarekin bat egingo du EITBk (Moyua Plazaren amaieran, Kale Nagusiko 40. zenbakian). EITBk eskuratu duen hirugarren kilometroa 2543a da, eta Donostiatik igaroko da martxoaren 23an, 19:25ean; erdialdea eta Antigua auzoaren artean izango da.
Aurkezpenaren irudia
Hasiera eta amaiera, zuzenean, ETB1en
Aurten ere, EITB tokiko hedabideekin elkarlanean arituko da lasterketaren hasiera (Irunen) eta amaiera (Baionan) zuzenean eskaintzeko. Ostegun honetan, ETB1ek 15:15ean hasiko du emankizuna, Ilaski Serranok eta Hamaika Telebistako Naroa Iturrik aurkeztutako saioarekin. Hilaren 24an Baionan egingo den lasterketaren amaiera ere zuzenean eskainiko dute, saio berezi batean. Ilaski Serranok berak gidatuko du bigarren hau ere, oraingoan Ekhiñe Atorrasagastirekin batera. Honako hedabideek ere hartuko dute parte: Kanaldude TB, Berria TB, Goiena, 28 Kanala eta IKT.
"Biba Korrika!", plato mugikor bihurtutako autobus batetik
Behin lasterketa abiatuta, ostegun honetan bertan hasiko da ETB1en "Biba Korrika!" saio berezia, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta. Astelehenetik ostegunera eskainiko da, 21:10etik aurrera (ostiralean 20:45ean tarte laburragoan). Gainera, martxoaren 18tik aurrera, set ibiltari bat izango dute, programa zuzenean egiteko. Plato mugikor bihurtutako autobusa izango da. Toki hauetan egingo du geldialdia:
- Martxoak 18: Gasteiz
- Martxoak 19: Hernani
- Martxoak 20: Lekeitio
- Martxoak 21: Barakaldo
- Martxoak 22: Iurreta
Korrika programazioa osoan, "Mihiluze" eta "Piztu Telebista" bereziekin
ETBko albistegiek jarraipen berezia egingo dute, informazioa, zuzenekoak eta eguneroko erreportajeak eskainiz. Gainera, egunero, "En Jake", "Biba Zuek!" eta "Quédate con Ane" saioek Korrikaren inguruko edukiak eta elkarrizketak bilduko dituzte, hiriburuetako ibilbideari arreta berezia eskainiz. Gainerako programa eta lehiaketek ere ekimenaren berri emango dute, eta bi saio berezi izango dira: batetik, hilaren 14an, "Mihiluze" saioak Itziar Ituño, Afrika Bibang, Gozategi, Ixiar Oreja eta Alex Sardui bezalako aurpegi ezagunak hartuko ditu; bestetik, hilaren 20an, "Piztu Telebista"k deluxe edizioa izango du. Telebistak kamerak hainbat pertsona ezagunen egongeletan sartuko dira, Korrika ardatz hartuta. Sofan, telebista aurrean, ikusiko ditugu, besteak beste, Klaudio Landa eta Ainhoa Etxebarria aurkezleak, zein Onintza Enbeita eta Alex Sardui bikotea.
Korrika, baita irratietan ere
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean emango dute lasterketaren hasiera Irundik, eta jarraipen berezia egingo diete programetan eta albistegietan.
Hala, Euskadi Irratiak 15:05ean hasiko du ostegunean programa berezia, zuzenean, eta Bizkaia Irratiak eta Euskalerria Irratiak bat egingo emanaldiarekin. Martxoaren 21ean, goizeko "Faktoria" albistegia Getxotik egingo dute, Korrika bertatik igaroko dela aitzakia hartuta; eta hilaren 24an Baionara joko dute, Korrikaren amaierako ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. 10:00etatik 13:00etara egingo dute programa handik eta berriz ere emanaldiarekin bat egingo dute Bizkaia Irratiak eta Euskalerria Irratiak. Lasterketak irauten duen egun guztietan, konexioak izango dira furgonetarekin eta arreta berezia eskainiko zaie hiriburuetako ibilbideei.
Radio Euskadik, bestalde, 15:00etan abiatuko du osteguneko berezia, eta Fermin Muguruza izango dute set-ean. Astean zehar zuzeneko konexioak egingo dituzte Korrikaren furgonetarekin programa nagusietan: hala nola "Boulevard", "Distrito Euskadi", "Ganbara", "Crónica de Euskadi" eta "Más que Palabras".
Nola ez, Radio Vitoriak gertutik jarraituko du lasterketa Araban, eta saio berezia izango dute hilaren 18an, Gasteiztik; eta Gazteak ere Korrikan jarriko du arreta, bereziki "Dida" saioan eta sare sozialetan.
Aurkezpenaren irudia
Korrikaren irudiak, 24 orduz, zuzenean, eitb.eus-en
eitb.eus-ek streaming bidez emango ditu lasterketaren irudiak, zuzenean, 24 orduz, eta errealizatutako seinalea webgunean ez ezik, Nahieran aplikazioan eta EITBren YouTube kanalean jarraitu ahal izango da. ETBn ere eskainiko da, pantailan irekitako leiho txiki baten bitartez. Halaber, ohi bezala, atari berezi bat egongo da Korrikaren informazio guztiarekin, eta telebistako emanaldiak (hasierako eta amaierako ekitaldiak) eta programa berezien zuzenekoak ere bertan ikusgai izango dira. Korrikaren inguruko eduki guztiak sare sozialetan partekatuko dira #KorrikaEITB traolarekin, #HarroHerri #Korrikarekin eta #23Korrika etiketekin batera.
EITB, Korrikarekin