EITB TALDEA
Sariak
"Chiloé, Lasterka Munduan" programa saritu dute, Txekia eta Olomouc hiriko maratoi erdiaren atalagatik
EITB MEDIA
Aurreko urtean Txekiari buruz argitaratutako kazetaritza-lan onenak nabarmentzen dituzte PremiosCZ izeneko sariek. "Chiloé, Lasterka Munduan" bost sarituetako bat da aurten, hedabideetako mila agerpenen artean. Alberto Arizkorreta programaren zuzendariak jaso du golardoa, Madrilen.
-
Alberto Arizkorreta, Libor Seck enbaxadorearen eta Markéta Lehecková turismo zuzendaria
EITBko "Chiloé, Lasterka Munduan" saioa nabarmendu dute Madrilgo PremiosCZ sarietan, Txekiari buruz aurreko urtean argitaratutako kazetaritza-lan onenen golardoetan. Zehazki, Txekiari eta Olomouc maratoi erdiari buruzko atalari emango diote saria. 2023ko irailaren 5ean emititu zen ETB1en, saioaren seigarren denboraldiaren amaieran, eta EITB Nahieran plataforman ikusgai dago.
Sari banaketa astearte honetan, martxoak 5, egin da Madrilen, CzechTourism Txekiar Turismo Bulego Nazionalaren hedabideentzako urteroko ekitaldian. Bertan, herrialdeko berrikuntza turistikoak jakinarazten dituzte urtero. CZ2023 Sarien edizio honetan, hedabideetako mila agerraldi baino gehiago baloratu dituzte, eta bost sarituetako bat da "Chiloé, Lasterka Munduan". Zehazki, "bere profesionaltasunagatik, freskotasunagatik eta originaltasunagatik" nabarmendu dute, "Euskal Telebistan eta Euskadiko prentsan egindako telebista-estalduragatik".
Bidaiak eta kultura uztartzen ditu "Chiloé, Lasterka Munduan" programak. Hala, kirola ardatz hartuta, Zigor Iturrieta sukaldari eta ultrarunnerrak mundu osoan zehar egiten du bidaia, paisaiak, lekuak, jendearekiko harremanak eta, nola ez, ultratrail probetan izandako esperientziak guregana elkartzeko.
Alberto Arizkorreta programaren zuzendariak jaso du gaurkoan saria, Libor Seck enbaxadorearen eta Markéta Lehecková turismo zuzendariaren eskutik.