EITB TALDEA
Audientziak
Mallorca-Real Sociedad Kopako partidaren emanaldi arrakastatsua ETB1en: % 14,8 eta 230.000 ikus-entzule
Norgehiagoka, gainera, liderra izan zen euskaldunen artean, % 30,5eko datu ikusgarriarekin. Gaur gauean, 21:30ean, Atletico Madril-Athletic Club lehia ere emango du, zuzenean eta euskaraz, ETB1ek.
-
2024ko Errege Kopako finalerdiak, EITBn. Argazkia: EITB Media
ETB1ek eskainitako Mallorca eta Realaren arteko Errege Kopako finalerdietako atzoko partidak % 14,8ko kuota eta 230.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen Euskadin eta eragin eremuan. Gainera, emanaldia euskaldunen artean liderra izan zen % 30,5eko datu ikusgarriarekin. Halaber, partida hasi aurretik eskainitako "Koparen Bila" saio bereziak % 12ko kuota lortu zuen, eta lidergoa eskuratu zuen euskaldunen artean, % 25,5eko datuarekin. 247.000 ikus-entzuleko audientzia metatura heldu zen berezia.
Aurten ere, Errege Kopako finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera ari da eskaintzen EITB, euskaraz. Hala, gaur bertan, 21:30etik aurrera, Atletico Madril-Athletic Club partida eskainiko du ETB1ek, zuzenean. Gainera, hemendik hiru astera, etxean jokatuko dute bi euskal taldeek, eta bi norgehiagoka horiek ere ETB1en eskainiko dira, baita apirilaren 6an Sevillan jokatuko den final handia ere.
Partiden zuzeneko emanaldia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere egingo dute; eta, horrekin batera, jarraipen informatibo zabala egingo du EITBk bere hedabide eta euskarrietan.