Astelehen honetan ekin dio "Artxipelagoa" audio-trilogiak hirugarren eta azken denboraldiari, Donostiako Principe antzokiko 7. aretoan egin den lagunarteko entzunaldiarekin. Bertan izan dira Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital zuzendaria, Ainhoa Etxebeste EITBPodkast proiektuaren arduraduna eta fikzio podcast distopikoaren talde teknikoa zein ahotsa jarri dioten hainbat aktore. Principe antzokiko ekitaldia DOLBY ATMOS audio sistemarekin grabatuta dago podcasta eta biltzen duen istorioa barru-barrutik sentitzeko eta bertan murgiltzeko aukera izango da zinema aretoko baliabideekin. Aurkezpenaren biharamumean, asteartean, estreinatu da EITBPodkasten eta ohiko agregatzaileetan zortzi ataletatik lehena, eta gainerakoak astelehenetan saretuko dira. Trilogiaren amaieran ordena geopolitiko berriak agintzen du, klima larrialdiaren ondorioz, 2103an, bat batean mundu osoko itsas maila kolpera igo zenetik. Ipar Afrikako Liga da indartsuena, baina lehia estua egiten dio Alpeetan gotortuta dagoen Germaniar Konfederazioak. Euskal Artxipelagoaren burujabe izateko nahiari arrakalak sortu zaizkio: Afrikako Ligaren aldekoak eta Germaniar Konfederazioarekin lerratu nahi dutenak elkarren kontra ari dira. Dena galduta dagoela dirudi. Itziar Ituñok Olatzen papera egingo du, eta aurreko bi denboraldietan bezala, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Asier Hormaza, Asier Hernández eta Iñaki Beraetxek jokatuko dituzte pertsonaia nagusiak. Horiekin batera BIEUSEko aktore gehiago, tartean Aner Peritz, aurtengo nobedadeetako bat. Ekoizpena, ULU Mediak egin du EITBPodkasterako. Zuzendaria Oier Aranzabal izan da eta gidoilariak Martin eta Xabier Etxeberria. Xabier Sagastarenak dira irudiak eta Rafa Ruedarena musika.