Itxi

EITB TALDEA

EITB 2030 Estrategia

EITBk euskal ikus-entzunezkoen presentzia sustatuko du MIPCOM 2023 nazioarteko azokan

EITB Media

Basque.Audiovisual standa euskal ekoizpenen bilgune izango da Canneseko nazioarteko telebista azokan, urriaren 16tik 19ra bitartean. Halaber, PRIMERAN plataforma berria aurkeztuko da bertan.

0:00

Aurten, EITBk gidatuko du euskal ikus-entzunezko edukien presentzia MIPCOM 2023 azokan, urriaren 16tik 19ra Cannesko Palais des Festivalsen egingo den koprodukzio eta entretenimendu edukien nazioarteko merkaturik handienean. Basque.Audiovisual izenarekin, euskal stand partekatuak aukera paregabea emango du euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren kalitatea eta aniztasuna ezagutarazteko, baita mundu osoko profesionalekin harremanak eta aliantzak ezartzeko ere.

Hartara, EITBk azokan erregistratzeko aukera eskaini dio euskal ikus-entzunezkoen sektore osoari, aterki standak dituen abantailez eta onurez balia dadin. Bide batez, kultura propioa eta euskara zaintzea helburu duen ikus-entzunezko talde publiko gisa duen posizionamendua indartzen du Europan; hain zuzen ere, hizkuntza gutxituak nagusi ez diren testuinguru batean. Bada, PRIMERAN plataforma berria ere lehen aldiz aurkeztuko da azoka honetan, egungo ekosistema digitalean, hizkuntza gutxitu baten erabilera bermatu nahi duen euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma baita.

MIPCOM azokaren 39. edizioak 110 herrialdetako 12.000 ordezkari baino gehiago bilduko ditu, tartean 3000 erosle. Telebistako eta komunikabideetako profesionalen mundu mailako bilerarik handiena da; gainera, ikus-entzunezko industriaren nazioarteko egutegian aste honek izugarrizko garrantzia du. Izan ere, urtero, urrian, 100 herrialde baino gehiagoko ordezkari, erosle eta saltzaile biltzen ditu; hain zuzen ere, talentuaren eta alfonbra gorriaren munduko hiriburu bilakatzen da Cannes (Frantzia). Bertan aurkezten dira azken ekoizpenak, sortzen dira negozio aukerak, eta ezartzen da datozen urteetarako ikus-entzunezko agenda.