Itxi

EITB TALDEA

Aurkezpena

EITB Komunikazio Ikasgela sortu da Euskal Herriko Unibertsitatean

EITB MEDIA

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Ana Irene del Valle Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak aurkeztu dute EITB Komunikazio Ikasgela, asteazken honetan Bilbon egin den ekitaldian.

0:00

Euskal Herriko Unibertsitateko EITB Komunikazio Ikasgela berriaren aurkezpena egin da asteazken honetan, urriaren 11n, Bilboko EITBren egoitzan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiaren eta Ana Irene del Valle Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoaren eskutik. 

EITB Komunikazio Ikasgela ekimenaren xedea izango da prestakuntzari, ikerketari eta dibulgazioari lotutako jarduerak eta proiektuak elkarrekin egitea, eta gustura agertu dira bai EITB eta bai UPV-EHU berau abian jartzearekin.

Andoni Aldekoak lankidetzaren garrantzi berezia eta balio estrategikoa nabarmendu ditu, egungo aldaketa kultural, teknologiko eta digitalaren testuinguruan planteatzen diren erronkei aurre egiteko. "EITBk eta UPV/EHUk helburu bikoitza dugu: batetik, kazetaritza eta komunikazioa aro digital berrira eta kontsumo berrietara egokitzea; eta, bestetik, gizarteak egiazkotasuna, iturri fidagarriak eta kazetaritzan sinetsi ahal izatea eskatzen duen garai honetan, Euskadiko informazioaren arloko profesional onenak prestatu behar ditugu", esan du. "Gure lanean, aniztasunetik eta egiazkotasunetik informazioa jasotzeko eskubidean konfiantza berreskuratzen lan egin behar dugu", aldarrikatu du Aldekoak. "Elkarrekin egindako lana Euskadin kazetaritza ona bermatzeko tresna da", gaineratu du EITBren zuzendari nagusiak.

Eva Ferreira errektoreak Unibertsitatea-Enpresa eta Unibertsitatea-Gizartea ikasgelak sortzean jarri du azpimarra, "UPV/EHUn epe labur eta ertainean egiten ari garen apustu handienetako bat". Bere aburuz, "ikasgela horietan, enpresa- eta gizarte-eragileekiko harremanen bidez, guztien intereseko erronkak azaltzen dira eta, prestakuntza, ikerketa eta ezagutza transferitzeko ildo espezifikoak artikulatzen dira". EHUko errektoreak gaineratu du  EITB Ikasgela gure herrialdeko komunikazio-talde liderretako batekin lankidetzan aritzeko aukera paregabea dela. "Ekimen horrek dagoeneko ditugun harremanak sendotzeko balioko du, eta gure ikaslearen prestakuntzan ere murgilduko da", gaineratu du.

Jakintza sortu eta trukatzeko leku egonkorra irakasle, profesional eta ikasleentzat

Ana Irene del Valle Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak, berriz, bi erakunderen elkarlana goraipatu nahi izan du: "Bere 40 urteko ibilbidean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak EITBko profesional ugari formatu ditu, eta erakunde horrek berak ere zeresan handia izan du prestakuntza horretan, beka, praktika eta programen bidez, hala nola UPV/EHU-EITB masterra".

Dekanoaren hitzetan, EITB Komunikazio Ikasgela beste urrats bat da elkarlan horretan: "Jakintza sortu eta trukatzeko leku egonkorra izango da irakasle, profesional eta ikasleentzat; eta, horretaz gain, ingurune egokia ere bai ikasleen parte hartzearekin lankidetza proiektuak garatzeko hainbat arlotan, adibidez datuen analisian, ikus-entzunezko formatu berrietan, adimen artifizialean eta abar". Halaber esan du aukera emango duela, batetik, ikasgelak EITBren ekoizpen prozesuetara hurbiltzeko eta, bestetik, UPV/EHUko komunikazio graduetatik ateratzen den talentu gaztea identifikatzeko.


 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EHU
  • EITB