EITB TALDEA
EITB, euskal zinemarekin
EITBk Egile Berriak saria emango du lehen aldiz Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan
EITB MEDIA
Estibaliz Urresola zinemagileak jasoko du aurten saria, '20.000 especies de abejas' lanak zinema-jaialdietan izandako nazioarteko proiekzioa saritzeko. Euskal zinemagintzako errealizadore hasiberrien talentua balioan jarri nahi du golardoak.
-
EITB Egile Berriak Saria
EITBk Egile Berriak Saria emango du lehen aldiz, Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan, datorren irailaren 26an. Euskal ikus-entzunezkoen sektorea eta bertan diharduten zinemagileak babesteko eta sustatzeko EITBk duen konpromisoa berrestera dator urtero banatuko den golardoa. Izan ere, euskal zinemagintzako errealizadore hasiberrien talentua balioan jartzea eta goraipatzea izango du helburu.
Estibaliz Urresola zinemagileak jasoko du EITB Saria: Egile Berriak golardoa lehen edizio honetan, 20.000 especies de abejas lanak zinema-jaialdietan izandako nazioarteko proiekzioa saritzeko.
Estibaliz Urresola
Egile Berriak sariak euskal zinema komunitatearen barruan ekarpen nabarmena egin nahi du, eta, horrenbestez, industria bizi horretan etengabe sortzen ari den talentua sustatzen lagunduko du. Gehienez hiru film zuzendu dituzten euskal zinemagileei emango zaie. Euskadin eta Nafarroan jaiotako edo errotutako zuzendariak izan daitezke, haien sinadura duen ekoizpena euskalduna izan edo ez kontuan izan gabe. Beraz, nazioarteko zinema ekoizpenetan parte hartzen duten profesionalek aukera izango dute donaria jasotzeko.
Egile Berriak sarirako hautagai diren profesionalak ebaluatzeko funtsezko irizpideetako bat izango da zinema-jaialdietan izan duten nazioarteko proiekzioa. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) oihartzun horren irismena zehazteko irizpideak eta baremoak ezarri ditu, lehian dauden filmen zenbatespen zuzen eta objektiboa bermatzeko.
Golardoak euskal errealizadoreen bikaintasunaren aitorpena dakar, baina horretaz gain, sarituak 3000 euroko diru-kopurua jasoko du.
EITBko Zine, Komunikazio eta Programa sailetako profesionalek eta adituek osatzen dute sariaren irabazlea aukeratzeko epaimahaia. Donostia Zinemaldiaren aurreko urtean egindako ikus-entzunezko lanak ebaluatu eta Egile Berriak saria etxera nork eraman behar duen zehaztuko dute.