EITB TALDEA
Abuztuaren 4tik 9ra
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan murgildu da EITB
EITB Media
Zeledonen jaitsieraren emanaldia izan da abiapuntua, ETB2n eta eitb.eus-en. Horrez gain, igande gauean, Ines Osinagaren kontzertua izan dugu Gasteiztik "Lau Teilatu" saioaren barruan. Radio Vitoriak egitarau bete betea izan du jaietako sei egunetan.
-
Zeledonen jaitsierak emango die jaiei hasiera
Abuztuaren 4tik 9ra ospatu diren Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izan dute EITBko hedabideetan. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izan dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Arabako hiriburuko festa giroaren berri ere eman dute albistegi eta saio ezberdinetan.
Zeledonen jaitsieraren emanaldia izan dugu abiapuntu, ostiral arratsaldean. Marta Elvirak eta Pilar Ruiz de Larreak egin dute kontakizuna 17:30etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en. Erreportari lanetan, elkarrizketak eginez eta kaleko giroa jasotzen, Iñaki Elorza eta Egoitz Txurruka aritu dira. Besteak beste, Iñaki Landa eta Gorka Ortiz de Urbinarekin grabatutako erreportajea eskaini dute. Iñakik lekukoa eman zion Gorkari 2000. urtean Zeledonen papera egiteko, eta aurten azken aldiz jantzi da Gorka.
Igande gauean, "Lau Teilatu" saioren atal berri bat izan da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:20ean, Ilaski Serranok gidatuta. Iruñeko kontzertuaren ondotik, oraingo honetan, Gasteiz izan da protagonista. Ines Osinaga abeslariak Villa Suso jauregiaren kanpoaldean eskainitako errezitalaz gozatu ahal izan dugu.
Gasteizen grabatutako beste emanaldi berezi bat ere izan dugu: Aihotz plazan egin den txistulari kontzertua, hain zuzen ere. Bertan, Euskal Herriko herri ezberdinetako txistulariekin batera, Udal Folklore Akademiak eta Oreka TX eta Fanny Desk taldeek hartu dute parte, besteak beste. Larunbat gauean, 22:10ean, eskaini da kontzertua ETB1en eta eitb.eus-en.
EITBk zuzenean eskaini ditu baita ere Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera (astelehenean, 11:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en) eta Zeledonen igoera (asteazkenean, 00:40ean, ETB1en eta eitb.eus-en). Ilaski Serranok gidatu ditu bi emanaldiak: astelehenean Ane Pedruzo lagun zuela eta asteazkenean Unai Ugarterekin batera.
Azkenik, Andre Mari Zuriaren Torneoko partidak izan ditugu ikusgai "ETB Kantxa" saioan (ETB1 eta eitb.eus): ostiral gauean lehen finalerdia, Peña II-Albisu / Larrazabal-Mariezkurrena II, igande arratsaldean bigarren finalerdia, Ezkurdia-Zabaleta / Altuna III-Martija, eta astearte gauean finala.
Radio Vitoria: egitarau bete betea
Jaien hasiera Radio Vitorian zuzenean jarraitu ahal izan da Unai Ugartek gidatuko duen "Kaixo Celedon" saio berezian, 17:00etan hasi eta 22:00ak bitartean. Ondoren, Farolen Prozesioa eman dute.
Larunbatetik astelehenera bitartean, irratsaio bereziak egin ditu Radio Vitoriak hiriko erdigunetik (Loma kaletik), goizen goiz hasi eta iluntzera bitartean antolatu ziren ekitaldi nagusien zuzeneko kontakizuna eginez eta jai giroaren berri emanez. Isabel Irigoien izan da saio ezberdinen gidaria.
Asteartean eta asteazkenean ere tarte nabarmena izan dute festek programazioan eta jaien amaiera ekitaldia zuzenean eskaini dute asteazken gauean. Horrez gainera, blusetako koadrilek antolatutako ekitaldi askoren laguntzaile izan da Radio Vitoria, ohikoa duen kaleko presentzia indartuz.
EITB Taldeko gainerako irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea) ere arreta berezia eskaini diete Andre Maria Zuriaren jaiei. Gainera, Gaztearen eskutik, ETS eta Huntza taldearen kontzertuekin gozatu ahal izan dugu Foruen plazan, abuztuaren 4an eta 8an, hurrenez hurren.