EITB TALDEA
U23 hauteskundeak
Uztailaren 23ko hauteskunde kanpainari jarraipena, EITBn
EITB MEDIA
Alderdi politikoei eskainitako doako espazioak, eguneroko informazioa, bi eztabaida eta hautagaiekin elkarrizketak izango dira irrati eta telebistan. Informazio guztia eitb.eus-en egongo da, eta herritarren boto asmoari buruzko EITB Focus inkesta argitaratuko du EITB Mediak uztailaren 16 eta 17an.
-
Hauteskunde orokorrak, EITBn
EITBk jarraipen zabala egingo dio uztailaren 23ko hauteskunde orokorren kanpainari ostiral honetatik aurrera. Alderdi politikoei eskainitako doako espazioez gain, kanpainari buruzko informazioa eguneroko albistegietako atal berezietan sartuko da. Halaber, bi eztabaida eta hautagaiekin elkarrizketak izango dira irrati eta telebistako hedabideetan. Eduki guztiak eitb.eus-en egongo dira eskura, eta herritarren boto asmoari buruzko EITB Focus inkesta argitaratuko du EITB Mediak uztailaren 16an eta 17an.
Kanpaina ofiziala hasten den egunetik, hots, uztailaren 7tik, EITBk tarte bereziak sortuko ditu nola telebistan (ETB1en eta ETB2n), hala irratietan (Radio Euskadin, Euskadi Irratian eta Radio Vitorian), alderdi politikoen ekitaldien berri emateko.
Telebistako elkarrizketak eguerdiko albistegiaren ondoren emango dira, eta irratietakoak goizeko irratsaio nagusiaren barruan: Euskadi Irratiko "Faktoria" eta Radio Euskadiko "Boulevard". Halaber, bi hauteskunde eztabaida egingo dira: lehenengoa, uztailaren 14an, Nerea Reparazek gidatuta, ETB1en eta Euskadi Irratian; bigarrena, uztailaren 17an, Xabier Ormazabalek aurkeztuta, ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian.
Bestalde, uztailaren 16n eta 17an hauteskunde orokorrei begira herritarren boto asmoa eta liderren balorazioa biltzen duen EITB Focus inkesta eta microdata txostena argitaratuko dute EITB Mediako hedabideek.
Hauteskunde gaua
Azkenik, U23ko hauteskunde gauean, EITBk saio bereziak emango ditu taldeko hedabide bakoitzean, datuak ezagutzera eman eta aztertzeko. Euskal Telebistak saio bana eskainiko du: ETB1en Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek aurkeztuta, 19:45etik aurrera; eta ETB2n Juan Carlos Etxeberria eta Africa Baetarekin, 19:30ean hasita. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak 19:45ean hasiko dute hauteskunde gaueko tarte berezia: Maite Artolak eta Iñigo Alustizak gidatuko dute Euskadi Irratikoa eta Dani Alvarezek Radio Euskadi eta Radio Vitoriakoa.
20:00etan, EITB taldeko hedabideek botoaren eta ordezkaritzaren estimazioa eskainiko dute FORTAk egindako iritzi-galdeketaren bitartez.
Interneten, eitb.eus-eko webgune berezian eta sareetan jarraipen zabala egingo zaio kanpainari: mitin eta ekitaldiak, hautagaiei buruzko informazioa, elkarrizketak eta debateak bilduko dituzte. Eta eskura izango dira aurreko hauteskunde orokorretako emaitzak eta informazioa.