EITB TALDEA
Grand Départ Pays Basque 2023
Euskal Herritik abiatuko den Frantziako Tourraren erakusleiho nagusia izango da EITB
EITB Media
EITB Taldea 'media partner' izango da Tourraren 110. edizioak Euskal Herrian egingo dituen hiru etapetan. Euskal Telebistak ekoiztuko du lasterketan parte hartuko duten taldeen aurkezpen ofiziala Bilboko Guggenheim Museotik, eta seinalea zabalduko du munduko 200 telebista baino gehiagotara.
Frantziako Tourraren 110. edizioa Euskal Herritik abiatzeko 24 egun falta direnean, hitzordu garrantzitsuari egingo dion jarraipena aurkeztu du asteazken goizean (ekainak 7) Euskal Irrati Telebistak. Mundu mailan egiten den hirugarren kirol ekitaldi nagusia izanik (Joko Olinpikoen eta Munduko Futbol Txapelketaren atzetik), bitarteko asko erabiliko ditu EITB ikus-entzunezko taldeak zabalkundea egiteko telebista, irrati zein Internet bidez. Hain zuzen ere, EITB media partner izango da Tourrak Euskal Herrian egingo dituen hiru etapetan.
Hala, goi-mailako hedatze plana prestatu du EITBk: 200 profesional baino gehiago arituko dira lanean, horien artean, 40 kameralari eta 50 kazetari baino gehiago. Gainera, 13 unitate mugikor erabiliko dira bost egunetan EITBren emanaldi bereziak eskaintzeko. Nabarmentzekoa da ekainaren 29ko datua: 5 unitate mugikor arituko dira lanean egun bakarrean, Tourrean parte hartuko duten 22 taldeen aurkezpen ekitaldia eta hiru saio berezi egiteko.
Izan ere, Euskal Telebistak ekoiztuko du Bilboko Guggenheim Museoan egingo den taldeen aurkezpen ofiziala. Xabier Usabiaga "Gaur Egun" albistegiko aurkezle eta txirrindularitza adituak gidatuko duen emankizunaren seinalea mundu osora zabalduko da, eta 200dik gora telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean.
Tourraren jarraipenaren aurkezpena Bilboko egoitzan
Ekitaldiaren nondik norakoak biltzeko, "On Tour" saio berezia egingo dute Fermin Aramendik, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok, 18:00-20:00 bitartean, Deustuko Unibertsitateko kanpoaldean kokatuko den EITBren platotik. Bertatik egingo dira, halaber, ostiralean (ekainak 30), eguerdiko zein gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak.
Bigarren set bat izango du, gainera, EITBk Bilbon: UPV/EHUren Bizkaia Aretoko terrazan, hain zuzen. Handik emitituko dira osteguneko "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle", eta larunbat arratsaldean, Tourreko lehen etaparekin bat eginez, "Nos Echamos a la Calle"ko edizio berezia.
Joseba Urkiola, EITBko Kiroletako zuzendaria
Tourraren aurkezpenera karietara, hilaren 29an, "Biba Zuek!" saioak ordutegia aurreratu eta lasterketaren inguruko edukiak jorratuko ditu. Bestalde, gauean, Ander Izagirre kazetari, idazle eta txirrindulariak gidatutako Mallot horia, Bilbotik Baionara dokumentala izango dugu ikusgai ETB1en. Euskal Herrian jokatuko diren hiru etapetako leku esanguratsu eta zailenak aztertuko ditu, eta bere garaian Tourrean protagonista izandako euskal txirrindulariekin mintzatuko da: hala nola, Miguel Mari Lasa, Julian Gorospe, Marino Lejarreta, Fede Etxabe, Iban Mayo eta Joane Somarribarekin.
Uztailaren 1, 2 eta 3an, "On Tour" saio berezia eskainiko du ETB1ek 12:00etan hasi eta 18:30era arte, lasterketaren zuzeneko emanaldia eta ondorengo analisia egiteko. Alabaina, "Gaur Egun" albistegia eskaintzen den ordubeteko tartean (14:00-15:00) ETB2ra egingo du jauzi emankizunak. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok gidatutako saiotik gonbidatu bereziak pasako dira egunero. Horietako asko Tourrarekin lotura duten txirrindulari ohiak izango dira. Haien balentriak gogora ekarriko dituzte eta EITBren omenaldi xumea jasoko dute.
Lantaldea
Larunbatean (uztailak 1), kiroletako saioa Bilboko Deustuko Unibertsitateko set berezitik egingo da, eta gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko terrazatik. Igandean (uztailak 2), kiroletako lantaldea Donostiatik arituko da eta gaueko albistegiak Baionatik eskainiko dira. Azkenik, astelehenean (uztailak 3), Baionatik egingo dira "On Tour" (13:00-18:15) eta "Biba Zuek!" saioak (18:15-20:00). Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek gidatutako programak Tourra izango du ardatz.
Irratiak eta Internet
EITB Taldeko irratiak buru-belarri murgilduko dira Frantziako Tourrean: ostegunean hasiko dira aurkezpen ekitaldiaren zuzeneko emanaldiarekin; ostiralean, Bilboko giroa jasoko dute; larunbatean, igandean eta astelehenean, kirol saio bereziak egingo dituzte nola Euskadi Irratiak hala Radio Euskadik, lasterketaren zuzeneko kontakizuna egiteko.
eitb.eus-ek aurkezpen ekitaldiaren eta etapen minutuz minutuko kontaketa egingo du eta jarraipena InstaLiven. Halaber, lantalde zabala izango dute Bilbo, Gasteiz, Donostia, Zornotza eta Baionako kaleetan, lekuan lekuko giroa sare sozialen bitartez zabaltzeko. Berebat, EITBk sortzen dituen ikus-entzunezko eduki guztiak bilduko dira eitb.eus atarian.
Bestalde, ekainaren 5etik "Tandema" podcasta dugu entzungai EITBPodkast atarian, Mikel Astarloza txirrindulari ohiak gidatuta. Bertan, gurpil gaineko kirol honi lotutako adituak elkarrizketatuko ditu astero.
Lantaldea
Jarduera bereziak
EITBren bi ibilgailu joango dira Tourraren karabanak Euskal Herrian barrena egingo duen ibilaldian. Horrez gainera, hainbat jarduera antolatu ditu EITBk Bilbon Grand Départ 2023 Pays Basque dela-eta: alde batetik, zortzi metroko altuera duen tirolina jarriko du Bilboko Areatzako Fan Parkean, ekainaren 29tik uztailaren 1era; bestalde, ostegunean, taldeen aurkezpena amaitutakoan, Oihan Vega Gazteako DJak girotuko du Guggenheimeko zelaigunea.
Tourra EITBn