EITB TALDEA
'Psikologia Kalean'
EITBko "Necesito Ayuda" saioak Bizkaiko Psikologia Elkargoaren aitortza jaso du
EITB MEDIA
Joan zen udazkenean estreinatu zen doku-seriea ETB2n, eta bederatzi gaztek euren arazo emozionalei nola egiten dieten aurre erakustea du ardatz. Radio Euskadiko "Boulevard" saioak ere aitortza jaso zuen psikologiaren inguruko atalagatik.
-
Iban Garate, Unai Iparragirre eta Xabier Garcia Ramsden, gainerako saridunekin
Maiatzaren 20an, ETB2ko "Necesito Ayuda" saioak Bizkaiko Psikologia Elkargoaren aitortza jasoko zuen, Bilboko Arriaga Plazan (12:30ean) antolatutako Psikologia Kalean ekimenaren baitan. Gazteen buru-osasun arazoei ahotsa emateko "Necesito Ayuda" programak egin duen lana azpimarratu du Bizkaiko Psikologia Elkargoak. Ekitaldian izan ziren Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria, Iban Garate saioaren aurkezlea eta Arri Granados K2000ko ekoizle eragilea.
'Psikologia Kalean' jardunaldiko familia argazkia
Doku-seriearen helburua prozesu psikologikoak edo erronka emozionalak (antsietatea, hipokondria, mendekotasun emozionala, mugikorrekiko mendekotasuna edo elikadura-nahasmenduak) gainditzeko bidean dabiltzan bederatzi gazteri laguntzea izan da.
Iban Garate kazetariak aurkeztuta, "Necesito Ayuda" saioa beldur eta mamu horiei aurre egiteko bidearen lekuko izan da, oso ohikoa den errealitate honi ikusgarritasuna emanez. Prozesu osoan zehar, bederatzi gazteek profesional talde nabarmen baten laguntza izan dute. Kameren aurrean, Juanan Tejero psikologoak gidatu du talde-terapia, eta kameren atzean, Marta Corral psikologo sanitarioa izan da gazteek jaso duten laguntza terapeutikoaren arduraduna prozesu osoan.
Gazte bakoitzak kamera txikiekin dokumentatu du bere eguneroko bizitza, bere ametsak, gorabeherak eta eboluzioa partekatuz. Halaber, astean behin, talde-terapiako saio batean bildu izan dira Juanan Tejero psikologo ezaguna gidari zutela.
Anti TVko Stefan Faldbakken eta Elisabeth Stabellek sortutako eta Magnify Mediak banatutako "True Selfie" jatorrizko formatuan oinarrituta dago "Necesito Ayuda" saioa. Herbehereetan, Norvegian eta Kanadan arrakasta handiz ekoiztutako ikus-entzunezkoa da eta gazte askori eragiten dien arazo honen gainean fokoa jartzea lortu du.
El Terrat (The Mediapro Studio) eta K2000 ekoiztetxeek sortu dute saioaren moldaketa ETBrentzat eta egun EITB Nahieran dago ikusgai.
Orain dela gutxi, Agifes Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak ere programaren ikuspegia baloratu du, "batez ere, osasun mentaleko arazoak naturalizatzeko eta gazteen artean laguntza eskatzeko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioarentzat ere aitortza
Psikologia Kalean ekimen horren baitan, Radio Euskadiko "Boulevard" programak ere aitortza jaso zuen, psikologiaren inguruan Tania Mardones eta Jordi Martínez Bonillarekin astero egiten duten atalagatik. Xabier García Ramsden saioko gidaria ekitaldian izan zen.