Itxi

EITB TALDEA

ETB2 eta eitb.eus

Agur esan dio Félix Linaresek "La Noche de..." programari 1.500 atal bete dituen egunean

EITB Media

Saio berezia izan da, Euskadiko zinema areto zaharrenetik, hots, Bilboko Campos Elíseos Antzokitik. Bertan, 28 urteotako ibilbidearen errepasoa egin dute, eta euskal zinemagintzako aurpegi ezagunen agurrak bildu dituzte.

1:28
Félix Linares dice adiós a

Astearte honetan, apirilak 11, utzi dio Felix Linaresek "La Noche De..." aurkezteari. Saioak 1.500 atal bete dituen eguna izan du azkena, hain zuzen ere. ETB2ko zinema saioa 1995eko irailaren 19an hasi zen emititzen, eta ondoren eman ohi den pelikula aurkeztea zuen helburu. Baina urteak igaro ahala, izaera propioa garatu du, eta ETB2ko erreferentziazko saioa bihurtu da. 

Gaurko saioa Bilboko Campos Elíseos antzokitik egin dute; Euskadiko antzoki zaharrena da, izaera bereziko lekua. Bertatik, 28 urteotako ibilbidearen errepasoa egin du Felixek, eta "LND" saioaren une esanguratsuenak ekarri ditu gogora. Gainera, aurkezle berriak, Dani Alvarezek, hurbileko elkarrizketa egin dio Felix Linaresi, orain arte ezagutu ez ditugun bitxikeria eta kontuak hizpide hartuta.

Bestalde, zinemagintzako aurpegi ezagunen agurrak tartekatu dituzte saioan: Ramon Barea, Itziar Ituño, Juanma Bajo Ulloa, Eneko Sagardoy, Unax Ugalde, Andoni Agirregomezkorta, Elena Irureta, Lander Otaola…  Eta sorpresak ere izan dituzte.

Oroitzapenen, agurren eta elkarrizketaren ostean, ohi denez, asteko filma ikusteko aukera izan da ETB2ko saioan: La mejor oferta (La migliore offerta, 2013). Giuseppe Tornatore italiarraren lanak Geoffrey Rush, Donald Sutherland, Jim Sturgess eta Sylvia Hoeks ditu protagonista, besteak beste. Musikak eta arteak garrantzia berezia dute pelikula horretan.

Dani Álvarez, Félix Linares eta Eduardo Llorente, saioko zuzendaria

Dani Álvarez, Félix Linares eta Eduardo Llorente, saioko zuzendaria

"La Noche de…" izeneko podcasta 

Telebistako ibilbidea amaituko duen arren, Felix Linaresek zinemagintzari lotuta jarraituko du EITBPodkasten. Izan ere, "LND" izeneko podcasta egongo da bertan entzungai, zinema munduko informazio eta bitxikeriekin. Guztira zortzi atal izango ditu eta lehenengo biak entzungai daude jada.

Dani Álvarez, apirilaren 18tik aurrera

Dani Alvarez izango da "La Noche de…"ko aurpegi berria datorren apirilaren 18tik aurrera. Martxoaren erdialdean iragarri zuen Felix Linaresek saioa aurkezteari utziko diola, eta casting dibertigarri batean ostean, erabaki dute EITBko kazetaria izango dela bere ordezkoa.  Apirilaren 11n, sorpresaz eta momentu bereziz jositako saio berezian, emango dio lekukoa Felixek Daniri.

Dani Alvarezek 2000. urtean hasi zuen bere ibilbide profesionala bekadun gisa Radio Euskadin. "Ganbara" irratsaioa gidatu zuen 2004tik 2009ra, eta, ondoren, "Boulevard" albistegi erreferentearen buru izan zen hamaika urtez. 2020ko irailetik "Cronica de Euskadi" eguerdiko albistegia zuzentzen du, eta Radio Euskadiko Albistegietako burua da. Horrez gain, hainbat telebista saio aurkeztu ditu: "Politicamente Incorrecto" (2009), "Plato 2.0" (2009-2010), "El Lector de Huesos" (2016-2017), "El Sabor del Crimen" (2019) eta "El Dia de Mañana" (2021).