Itxi

EITB TALDEA

Saria

Ondas Podcast sarietan aipamen berezia "Artxipelagoa" audio-fikzioarentzat

EITB Media

EITBPodkast atariko serie apokaliptikoak soinu diseinu onenaren atalean lortu du epaimahaiaren aipamen berezia. Euskal antzerki eta zinemagintzako ahots handiak ditu protagonista, horien artean, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar eta Klara Badiola.

  • Ondas Podcast sarietan aipamen berezia "Artxipelagoa" audio-fikzioarentzat

    Ondas Podcast sarietan aipamen berezia "Artxipelagoa" audio-fikzioarentzat

EITBPodkast plataformako "Artxipelagoa" audio-fikzioak Ondas Podcast lehiaketan epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu du, soinu diseinu onenaren atalean. Aitziber Garmendia (Jare), Eneko Sagardoy (Iker), Anartz Zuazua (Nizar), Iñaki Beraetxe (Aitor), Sara Cozar (kapitaina) eta Klara Badiola (Muñoz) protagonista dituen serie apokaliptikoa da "Artxipelagoa". Teknologia binaurala erabiliz, entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzaile bihurtuz. Ondas Podcast sarietan Xanti Salvadorrek eta Koldo Corellak sortutako soinu paisaiaren aberastasuna nabarmendu dute, hain zuzen.

Serieak etorkizun hurbil eta apokaliptiko batera eramango gaitu: kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute, horien artean, Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazte protagonistak ere.

Ulu Mediak ekoiztutako proiektu honetan teknologia binaurala erabili da; beraren bitartez entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzailea sortuz. 5.1 audioan nahastu den lehenengo audio fikzioa da.

Ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da, eta Aranzabalek Juan G. Andresekin batera zuzendu eta ekoitzi du proiektua. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiek sinatzen dute, eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute, kartela eta arlo grafikoa, berriz, Xabier Sagastarena dira.

Ondas Podcast lehiaketaren bigarren edizioa 

Ondas Podcast lehiaketaren bigarren edizioko irabazleak gaur (martxoak 2) iragarri dituzte eta maiatzaren 3an banatuko dira Malagan. Lehen edizioan EITBPodkast atariko "Lokatza"k eskuratu zuen hizkuntza koofizialaren kategoriako saria.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB