Itxi

EITB TALDEA

Euskara

Zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso du EITBk

EITB Media

28 entitatek euskararen erabilera areagotzeko egindako lana aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak astearte arratsaldean Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldian.

  • Zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso zuten EITBko ordezkariak

    Zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso zuten EITBko ordezkariak

Zilarrezko Bikain euskararen kalitate ziurtagiria eskuratu du EITBk, 2021-2022 euskara-planean finkatuta zegoen helburua. Agiria Donostiako Kursaal Jauregian izandako ekitaldian jaso du EITBren izenean Isabel Octavio Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak astearte honetan (abenduak 13). Bertan, 28 entitatek euskararen erabilera areagotzeko egindako lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak. 

Ebaluazioa iragan azaroaren 14an eta 16an egin zuten aztertzaileek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzetan; EITBk erabakita daukan hizkuntza-politika zenbateraino eta nola aplikatzen dugun jakiteko elkarrizketak egin zituzten. 

Aurrera begira, erronka nagusiak bi dira: lehenik eta behin, langileen hizkuntza-ohituretan eragitea, euskarari gero eta toki handiagoa egin diezaioten lan-hizkuntza modura; bigarrenik, gizartearen hizkuntza-ohituretan eragitea, EITBrekiko harremanetan herritar, hornitzaile eta administrazioek gero eta euskara gehiago erabil dezaten. 

Txostenak honela laburbiltzen du EITBren egoera euskararen kudeaketaren arloan: "Zuzendaritzako kideak eredu dira euskararen erabileran, trakzionatzen dute, sustatzen dute eta barneratua dute hizkuntza-politika. Erakundearen misioa euskara eta euskal kultura bultzatzea eta normalizatzen laguntzea izan da sorreratik, eta etorkizunerako erronketan ere euskara ardatza da. EITBko pertsonen artean handia da euskara-gaitasuna, eta erakundeak aukera ematen die euskara ikasi eta gaitasuna hobetu eta sendotzeko prestakuntza saioak egiteko. Horri esker posible da euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izatea. Erakundeak hizkuntza-politika definituta dauka eta baliabideak (pertsonalak eta teknikoak) ditu langileen eskura jarrita".