Itxi

EITB TALDEA

Euskararen Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio berezia EITBn

EITB Media

Euskararen Eguneko ekitaldi instituzionala ikusgai izango da 15:00etatik aurrera; gauean, "New Yorketik mundura euskaraz" saio berezia eta euskara eta musika uztartuko dituen "Oholtzan" saioa eskainiko dira.

  • Iazako Euskararen Nazioarteko Eguna.

    Iazako Euskararen Nazioarteko Eguna.

EITBk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du larunbat honetan, abenduaren 3an, telebistan, irratian eta Interneten eduki bereziak eskainiz.

Hasteko, Euskararen Eguneko ekitaldi instituzionala 15:00etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Horrez gain, gaueko 21:00etan, Kirmen Uribe protagonista duen "New Yorketik mundura euskaraz" saio berezia eskainiko da, eta, ondoren, euskara eta musika uztartuko dituen musika saio berezia "Oholtzan" tartean, 21:45ean.

Bestalde, EITBko irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea), edukiak eta elkarrizketak eskainiko dituzte euskararen eguna hizpide hartuta. Gainera, eitb.eus-ek EITBko hedabideetan jasotako eduki guztiak bilduko ditu Euskararen Eguneko webgune berezian.

Ekitaldi instituzionala

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala larunbatean egingo da Gasteizko Europa Jauregian. Aurten, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 40 urte bete ditu. Euskararen sustapenerako sortu diren tresna eta planak ahalbidetzeko ezinbesteko legea izan da, eta legea aurrera ateratzeko lortutako adostasunaren ideiari helduko dio aurtengo ekitaldiak.

Hasteko, denboran zehar bidaia egingo dute Sara Cozarrek eta Kepa Errastik gidatuta, Janus Lesterren musikarekin. Legearen inguruan eta haren garapenean lanean aritu ziren gonbidatuek ere parte hartuko dute ekitaldian, besteak beste: Pedro Miguel Etxenike, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohiak. Horrez gain, euskara bide berrietan egiten ari den ibilbideaz hitz egiteko, Paul Urkijo zinemagilea izango dute.

Egungo gogoeta estrategikoa egiteko, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko dute hitza. Halaber, legearen sorreran egon ziren legebiltzarkide ohiei omenaldia egiteko ere baliatuko dute ekitaldia, eta horietako zenbait bertan egongo dira: Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Jon Olaberria, kasu.

"New Yorketik mundura euskaraz", 21:00etatik aurrera.

Kirmen Uribe idazle ondarroar ezagunak argitaratu berri du Bilbao-New York-Bilbao nobelaren edizio amerikarra, eta aurkezpen ekitaldi ikusgarria aitzakia hartuta, idazlearen New Yorkeko bizimodua erakutsiko du "New Yorketik mundura euskaraz" saio berezian.

Kirmen Uribek urte asko daramatza New Yorken bizitzen eta euskara mundura zabaltzen. New Yorkeko bihotz kulturala den Lincoln Center ikusgarrian bere liburuaren edizio amerikarra argitaratzea urrats garrantzitsua da bere ibilbidean, eta ikusleak bertatik bertara bizi ahal izango ditu Uriberen pozak eta urduritasunak, atzera-kontaketa zirraragarri batean.

Saioan zehar, New Yorkeko bizimodua, bere urtebetetze eguna eta lagun-zaharrek egindako bisitak ikusiko dituzte ikus-entzuleek, besteak beste, Mikel Urdangarin abeslariarena edo Amaia Uribe kazetariarena. Guztia, liburuaren aurkezpen-ekitaldi jendetsu, hunkigarri eta bereziarekin borobilduko da.

Euskararen Eguna "Oholtzan"

Ondoren, euskara eta musika uztartuko dituen saio berezia eskainiko du "Oholtzan" saioak, Ilaski Serranok aurkeztuta. Gasteizko Jardines de Uletan grabatuko dute saioa, eta hainbat musikari ezagunek hartuko dute parte: Afrika Bibang abeslaria eta Dann Hoyos gitarrista; Doctor Deseo taldeko Francis Diez; "SOS Kantak Arriskuan" saioko Iker Lauroba eta Klara Mendizabal; Maite Itoiz abeslaria; Moonshine Wagon taldea; eta Anne Lukin abeslaria.