EITB TALDEA
EITB40
Gaur egingo da 'Batzen gaituen musika' emanaldi berezia Kursaalen
EITB Media
EITBren lau hamarkadetako historian barrena bidaia hunkigarria egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek irudien eta musikaren bitartez. Erakundeetako eta Gipuzkoako gizartearen ordezkaritza zabala joango da ekitaldira.
EITBk amaiera borobila emango dio bere 40. urteurreneko ospakizunei, gaur arratsaldean (azaroak 11) Donostiako Kursaal Jauregian egingo den Batzen gaituen musika ikus-entzunezko saioarekin. 1982ko abenduaren 31ko lehen emisioa abiapuntu hartuta, EITBren lau hamarkadetako historian barrena bidaia hunkigarria egiteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek Iban Garate aurkezlearen gidaritzapean.
Emanaldi berezi horrek Euskadiko Orkestraren musika eta EITBren artxiboan gordetako irudiak uztartuko ditu: Euskal Herriko parajeak, euskal tradizioaren eta kulturaren erakusgarri diren irudiak, hemen eta munduan mugarri izan diren gertakariak, EITBk ekoiztutako saio eta filmetako une gogoangarriak, euskal irratien sorrera eta bilakaera… Euskadiko Orkestraren 40. urtemugari ere keinua egingo diote, halaber.
Unai Urretxoren zuzendaritzapean arituko den Euskadiko Orkestrarekin batera, Donostiako Easo abesbatza arituko da oholtza gainean, baita EITBko zenbait ahots eta aurpegi ezagun ere: Maddalen Arzallus, Xabier Sukia, Felix Linares, Andoni Agirregomezkorta, Mikel Reparaz eta Arantxa Iturbe.
Entzungo ditugun doinuen artean daude, besteak beste, Txirri, Mirri eta Txiribitonek ezagun egin zuten "Zapi zuria", Mikel Laboaren maisuki abesten zuen "Baga, biba, higa", Pablo Sorozabalek konposatutako "Maite eguzki eder" eta Xabier Otaoleak EITBren 40. urteurrenerako sortutako fanfarria.
Euskal kantutegian ohorezko lekua duten "Agur jaunak" eta "Oi ama Euskal Herri" kantak ere entzungo ditugu, eta Kepa Junkeraren "Huriondo" fandango ederra ere bai, Agurtzane Elustondo trikitilariak interpretatuta.
Emanaldi berezi honetako errepertorioa Felix Mendelssohn, Arnold Schonberg, Charles Ives, Jose Maria Usandizaga, Pascal Gaigne, Jose Inazio Ansorena eta Jagoba Astiazaranek idatzitako lanekin osatuko da.
Batzen gaituen musika kontzertu berezia 2023ko urtarrilaren 1ean eskainiko da ETB2n eguerdiko ordu batean.
Kursaalen izango diren gonbidatuak
EITBren 40. urteurrena ospatzeko kontzertu berezira, euskal erakundeetako ordezkariak joango dira. Horien artean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu: Bingen Zupiria (Kultura), Idoia Mendia (Enplegua eta Lana), Gotzone Sagardui (Osasuna) eta Javier Hurtado (Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa). Eurekin batera izango dira, Eneko Goia Donostiako alkatea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramailea.
Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiarekin batera, EITBko zuzendaritzatik Andoni Aldekoa (zuzendari nagusia), Isabel Octavio (Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria), Ibone Bengoetxea (zuzendari-kudeatzailea), Ainhoa Alustiza (EITB Mediako zuzendaria), Unai Iparragirre (ETBko zuzendaria), Maite Goñi (Audio eta Digital zuzendaria), Arantza Ruiz (EITB Mediako Albistegi zuzendaria) eta Joseba Urkiola (EITB Mediako Kirol zuzendaria) izango dira, besteak beste.
EITBko zenbait aurpegi ezagun daude gonbidatuen artean: Ilaski Serrano, Klaudio Landa, Ander Gonzalez, Xabier Garcia Ramsden, Julian Iantzi eta Ainhoa Etxebarria.
Horiekin batera, Gipuzkoako gizarteko ordezkaritza zabala: Jokin Aperribay Realeko presidentea, Joti Diaz Gipuzkoa Basketeko zuzendaritzako kidea, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Javier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako kanpuseko errektore ordea, Gerardo Amunarriz Matia Fundazioko zuzendari nagusia, Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea, Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako Caritaseko idazkari nagusia, eta Jose Miguel Ayerza eta Eduardo Junkera, Adegiko zuzendari nagusi eta presidentea hurrenez hurren.
Agifes, Asle, Atzegi, Elkargi eta CITA fundazioko ordezkariekin batera, Miren Azkarate eta Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu izandakoak, alderdi politikoetako ordezkariak eta EITBren Administrazio Kontseiluko kideak.