EITB TALDEA
EITB40
EITBk 'Batzen gaituen musika' ikus-entzunezko saio berritzailearekin ospatuko du bere 40. urtemuga
EITB Media
Euskadiko Orkestraren musika, irudiak eta performanceak uztartuko dituen emanaldiaren bitartez, azken lau hamarkadetako historian barrena bidaia hunkigarria egiteko aukera izango dugu. Azaroaren 11n izango da hitzordua 19:30ean Kursaal Jauregian.
-
'Batzen gaituen musika' ikuskizuna, azaroaren 11n, Kursaalen. EITB Media
EITBren 40. urtemuga ospatzea helburu duen Batzen gaituen musika ikus-entzunezko saio berritzailea egingo da datorren azaroaren 11n (ostirala) Donostiako Kursaal Jauregian. Euskadiko Orkestraren musika, irudiak eta performanceak uztartuko dituen emanaldian, EITBren azken lau hamarkadetako historian barrena bidaia hunkigarria egiteko aukera izango dugu.
EITBk kontzertu berezia prestatu du Euskadiko Orkestrarekin batera, biek 40. urtemuga ospatzen duten urtean. Euskal Irrati Telebistaren sorrera abiapuntu hartuta, euskal kulturgintzako eta ikus-entzunezko arloan mugarri izan diren doinuekin gozatuko dugu Euskal Herriko paraje ederretako irudiak ikusten ditugun bitartean. Hori guztiori, gure garaiko kontakizunaren lekuko eta errelatore garela ahaztu gabe. EITBko ahots eta aurpegi ezagunen azalpenek harilkatuko dute emanaldia, hala nola, Mikel Reparazek, Felix Linaresek, Arantza Iturbek, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak. Gainera, Agurtzane Elustondo trikitilaria eta Donostiako Easo abesbatza igoko dira oholtza gainera Euskadiko Orkestrarekin batera.
Errepertorioan hainbat garaitako konpositoreak izango dituzte: Felix Mendelssohn maisu handia, esate baterako; musika garaikidea ordezkatzen duen Arnold Schönberg eta baita euskal sortzaileak ere: Jose Maria Usandizaga, Pablo Sorozabal, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Kepa Junkera, besteak beste.
Batzen gaituen musika ikuskizuna, azaroaren 11n (ostirala) 19:30ean Kursaalen.