EITB TALDEA
Saria
Joseba Urkiolak jaso du Nafarroako Kazetarien Elkarteak ematen duen Teobaldo sarietako bat
EITB Media
Zesta-punta sustatzeko komunikazio kanpainagatik eta Jai Alai Winter Series txapelketaren arrakastarengatik saritu dute EITB Mediako Kirol zuzendaria.
-
Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria. Irudia: EITB Media
Joseba Urkiola Irulegi EITB Mediako Kirol zuzendaria Teobaldo sarietako batekin nabarmendu du Nafarroako Kazetarien Elkarteak. Kazetaritzaren hainbat alorretan egindako lan ona saritzen dute Teobaldo sariek.
Nafarroako Kazetarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak kazetari leitzarra saritu du kirolen kategorian: zesta-punta sustatzeko abian jarritako komunikazio-kanpaina nabarmendu du, "kanal publikoaren konpromisoaren eta enpresari talde baten arteko aliantzaren emaitza", azaldu dute. Halaber, hau erantsi dute: "Jai Alai Winter Series txapelketa asmatu zuten, arrakastatsua izan zena eta zesta-puntarentzat itxaropen-olatua izan zena, astelehenero Gernikako frontoia betez, punta-puntako antolatzaile, babesle eta eragile guztiei esker". Horrez gain, Josebaren apustuaren ilusioa eta kazetaritza lana azpimarratu dituzte, pandemiak frontoien itxierekin, lehiaketen etetearekin eta ikuslerik ezarekin hankaz gora jarri zuen pilota-jarduera altxatu zuela gailenduz.
EITB Mediako Kirol zuzendariarekin batera, saria jasoko dute hainbat kategoria eta kazetaritzaren alorretan aritutako honako hauek: Fermin Torrano Echeandia, Natxo Gutierrez Juarros, Leire Ariz Sarasketa, Rodrigo Jimenez Torrellas, Antonio Castro Jimenez, Juan Angel Monreal Bezunartea, Paula Vilella Gomez eta Javier Garcia Anton.
Sariak emateko ekitaldia urriaren 14an egin zen Erriberriko Paradorean, aurretik Teobaldotarren Jauregi gisa ezagutzen zen eraikinean.