Itxi

EITB TALDEA

EITB Gala

'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentala aurrestreinatu du EITBk Donostia Zinemaldian

EITB Media

EITB Galan egindako aurrestreinaldiak Kepa Junkeraren gertuko familia eta lagunak bildu ditu, baita dokumentalean parte hartu duten hainbat artista eta euskal kulturaren alorreko aurpegi ezagun ere.

  • 'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentalaren aurrestreinaldiko irudia.

    'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentalaren aurrestreinaldiko irudia. EITB Media.

Kepa Junkera trikitilari ezagunaren memoria eta lana berreskuratzen dituen Kepa Junkera Berpiztu film dokumentalaren aurrestreinaldia eskaini du EITBk Donostia Zinemaldian asteazken honetan (irailak 21). Fermin Aiok zuzendu eta EITBren parte hartzea duen ikus-entzunezkoak bilbotar musikariaren ibilbidea biltzen du, 2018an iktus bat izan ondoren etendako jarduera oparoa.

Goizean, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak, Fermin Aio dokumentalaren zuzendariak eta Ines Osinaga musikariak ekoizpena aurkeztu dute prentsaurrekoan, musikari bilbotarraren obra eta talentua goraipatuz. Gainera, Kepa Junkeraren sorkuntza unibertsoan barrena murgiltzeko, emozioetan oinarrituta, dokumentalak erakusten duen gertutasuna ere aintzat hartu dute, musikariarekin bere ibilbidean bizipenak partekatu dituzten artista nabarmenenen kolaborazioarekin.

Prentsaurrekoaren irudia

Prentsaurrekoaren irudia

Arratsaldean, ikus-entzunezko lanaren aurrestreinaldia eskaini da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian ospatu den EITB Galan. Ekitaldian bildu dira Kepa Junkeraren familia eta lagunak, dokumentalean parte hartu duten hainbat artista, eta euskal kultura eta musika alorreko aurpegi ezagunak.

Kepa Junkera Berpiztu

2018ko abenduaren 5ean, Kepa Junkera eszenatokitik atera zen Ganten (Belgika). Desagertu egin zen, eskusoinua jotzeari utzi zion. Albisteek iktus bat aipatzen zuten, larrialdi ospitaleratze bat eta sendatze prozesua, baina horren ondoren, ezer ez. Euskal artista autodidaktak trikitia eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen, eta, 40 urteko ibilbidean zehar, 30 disko eta 100 kolaborazio baino gehiago utzi ditu. Nazioarte mailan musikari ospetsua, mundu osoko artistak euskaraz abestera animatu zituena, arrastorik utzi gabe desagertu zen.

Gero, bi urteko errehabilitazio lan gogorra etorri zen gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Izan ere, Kepak bizitzen eta sortzen jarraitzen du; arte, musika, poesia, pintura eta argazkigintzarekin hunkitzen. Emozio horren kontakizuna da dokumental hau.

2020. urte amaieran, Fermin Aio zinemagilea Oliene baserrira joan zen musikaria bisitatzera. Haren esanetan, "oraindik ere erupzioan sartzear dagoen sumendiaren indarra dauka, bere nortasunaren betiko ezaugarria". Errehabilitazio prozesu luzearen ondoren, musikari bilbotarra proiektu berriak sortzen hasia zegoen, horien artean, bere ibilbidea biltzen duen liburua, sorkuntza kolektibo gisa ulertua.

Aldi berean, musikariaren jarduerak pelikula batean ere isla izatea nahi zuen familiak.  Hala, ordura arte gordetako dokumentu artxiboa jarri zuten zinemagilearen eskuetan, horien artean, aurretik argitaratu gabeko materiala, baserriko armairuetan topatutakoa.

Prozesu honetan, musikariak proiektuarekin bat egitera gonbidatu ditu bere ibilbidean lankide izandako artista guztiak: poetak, idazleak, argazkilariak, margolariak, ilustratzaileak eta abar.

Fermin Aioren helburua Kepa Junkeraren ibilbide artistikoa islatzeaz harago doa, "errehabilitazio prozesuan, bere ondarea txukuntzen eta guztion gogoan egoteko egiten duen ahaleginean musikariak transmititzen duen emozioa" inspirazio iturri izan ditu baita ere.

'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentalaren irudi bat.

'Kepa Junkera Berpiztu' dokumentalaren irudi bat

Horregatik, Kepa Junkera Berpiztu ez da soilik kultura ondarea babestu nahi duen lan bat. Osasunaz ere hitz egiten du, "pertsonak bere gaitasunak gauzatu eta bizitzaren egoera desberdinei aurre egiteko gai den ongizate-estatu gisa ulertuta, alegia". Horregatik, Junkerarekin kolaboratu duten artistei egindako elkarrizketekin batera, filmak musikariaren egunerokotasuna erakusten du, bere ondare aparta bizirik eusteko borrokan.

Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Madrilen eta Portugalen filmatu den ikus-entzunezkoak hainbat testigantza jasotzen ditu: Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldearenak, besteak beste.

Kolaborazio guzti horien emaitza da Kepa Junkera Berpiztu. Joserra Produccionesek ekoiztutako lanak EITBren partaidetza izan du, BBK Fundazioaren babesarekin eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.

2020 Adarra Saria Kepa Junkerari

EITB Galaren barruan, Eneko Goia Donostiako alkateak 2020ko Adarra saria eman dio Kepa Junkeraren familiari. Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, euskal musikako artista edo talde baten ibilbidea eta lana nabarmentzen du urtero. 2020ko saria eman gabe geratu zen, eta ekitaldi hau baliatu dute horretarako.

Kepa Junkeraren familia Adarra saria jasotzen

Kepa Junkeraren familia Adarra saria jasotzen