EITB TALDEA
EITB Taldea
EITB eta Amazon Prime Video enpresaren arteko hitzarmena, hainbat ekoizpen streaming zerbitzuan zabaltzeko
Prime Videok erositako EITBren ekoizpenak gaurtik aurrera izango dira eskuragarri bertan. 'Go!azen'en filma eta euskal sukaldari ezagunei buruzko dokumental sorta bat daude ikusgai, besteak beste.
-
EITB Komunikazio Taldea
EITBk eta Prime Videok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan, abuztuaren 1ean. Hartara, Prime Videok EITBren hainbat ikus-entzunezko produkzioren eskubideak eskuratu ditu, streaming zerbitzuan SVOD edo nahieran modalitatean hedatzeko.
Bi aldeek oso positibotzat jo dute izenpetutako akordioa. Euskal Irrati Telebistari leiho berri bat izateko aukera emango dio, bere edukiei zabalkunde eta irisgarritasun handiagoa emateko.
Aliantza horri esker, kalitate handiko ekoizpenak ikusi ahal izango dira Prime Videon, hala nola Go!azen gazteentzako telesail musikalaren filma eta Pablo Rivero eta Aitor Luna protagonista dituen Lain fikziozko berezia.
Euskal sukaldariei buruzko seriea
Hainbat gaietako dokumentalak ere badaude eskaintza honetan. Besteak beste, Hasier Etxeberriak zuzendu zuen Arzak, Aduriz, Arbelaitz, Berasategui eta Subijana euskal sukaldariei eskainitako dokumental saila dago eskuragai. Ahoan laztan / Caricias del sabor dokumentalaz ere gozatu ahal izango da; ekoizpen horrek Eneko Atxa sukaldariaren sukaldaritza eta sorkuntza ditu ardatz.
Halaber, zabaldu eta ugaritu nahi den EITBren lehen eskaintza honetan, beste lan interesgarri batzuk ere badaude: Kontxa: Pasioa eta garaipena, Kontxako estropadaren historia errepasatzen duen dokumentala; Bilbo denboran zehar, Felix Linaresek kontatutako hiriaren erradiografia; eta Amalurra, euskal natura biziari buruzko serie dokumental bat, fauna eta ekosistema naturalen irudi ikusgarriekin.
Go!azen eta dokumentalak euskaraz eta gaztelaniaz gozatu ahal izango dira.