Itxi

EITB TALDEA

Donostia

EITBren 40. urteurrenari aitortza UPV/EHUko Uda Ikastaroetan

EITB Media

Ostiral honetan, "Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40" ikastaroa egin dute Miramar jauregian. Nazioarteko eta Euskal Herriko hizlari eta aditu nabarmenek hartu dute parte, eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria izan dira EITBren izenean.

0:33

Ostiral honetan, uztailak 22, "Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40" ikastaroa egin da UPV/EHUko Uda Ikastaroen barnean, Donostiako Miramar jauregian. Bertan, nazioarteko eta Euskal Herriko hizlari eta aditu berezi eta nabarmenek hartu dute parte egitarau bete-betean. EITBko ordezkari, berriz, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia eta Unai Iparragirre ETBren zuzendaria izango dira.

Hiru gai nagusi jorratu ditu ikastaroak. Lehenik, Europa mailako gogoeta egin dute, 2030 urtera begira, ikus-entzunezko (irrati, telebista, Internet) hedabideen konbergentzia, eraldaketa eta gizarte-eragina aztertu dute. Bigarrenez, Europako hizkuntza gutxituen irrati eta telebistek aurre egin beharreko erronka eta estrategien inguruan aritu dira. Azkenik, EITBri eta Galesko S4C telebistari aitortza eta omenaldi txiki bat egin diete, aurten ospatzen duten 40. urteurrenaren harira.

Parte hartzaileen eta edukien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

- Giuseppe Abbamonte, Europar Batasuneko "Media Policy" zuzendaria, Bruselatik etorria. Bere hitzaldian Europako irrati, telebista eta Interneten konbergentzia eta eraldaketa landu ditu 2030era begira, baita horren eragina ere gizarte balioetan.

- Irlanda, Gales, Katalunia, Galizia eta Euskadiko telebistetako zuzendariek elkarrekin aztertu eta partekatu dituzte euren irrati eta telebistek dituzten erronkak eta estrategiak, zerbitzu publiko ona eskaintzen ahalegintzeko eta aurpegi anitzeko arrakasta lortzeko. Francisco Moreno FORTA Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Erakundeen Federazioko presidentea dena ere izan da ikastaroan.

- Euskal Herriko lau unibertsitatetako (UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Universidad de Navarra) komunikazio eta kazetaritza irakasleek, mahainguru batean bildurik, gogoeta egin dute ea nolako eduki eta zerbitzuak eskaintzen diren eta eskaini behar dituzten irrati eta telebistek esfera publiko eta gizarte hobeak lortzeko eta audientzia sakabanaketari aurre egiteko.

EITBz gainera, Eusko Ikaskuntzak, IBAIA ikus-entzunezko ekoizleen elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babestu dute ikastaroa.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB