EITB TALDEA
Sanferminak
EITBk sanferminetako entzierroak eskainiko ditu zuzenean, euskaraz
EITB Media
EITB buru belarri murgilduko da Iruñean biziko den jai giroan. EITBko hedabideek presentzia zabala izango dute hiriko kaleetan eta Nafarroako aurkezle eta kazetariak izango dira emanaldietan nagusi.
Bi urteren ondoren, sanferminak bueltan dira, eta EITB buru belarri murgilduko da Iruñean biziko den jai giroan. Txupinazoaren zuzeneko emanaldiarekin hasita, eguneroko jarraipena emango diete EITBko hedabide guztiek San Fermin jai ospetsuei. Iruñetik bertatik egingo dira telebista eta irratiko saio ezagunenak, erreportajeak, zuzeneko konexioak eta saio bereziak eskainiz. Nabarmentzekoa da EITBko hedabideek Iruñeko kaleetan izango duten presentzia eta Nafarroako aurkezle eta kazetariak izango direla nagusi emanaldi eta saio berezietan.
Entzierroak zuzenean eta euskaraz
Aurtengo nobedade garrantzitsuena entzierroen zuzeneko emanaldia izango da egunero ETB1en eta eitb.eus-en. Goizero, "Entzierroa" saio bereziak Iruñeko alde zaharreko kaleak zeharkatuko dituen emozioz beteriko lasterketa eskainiko du 07:45etik aurrera. Nerea Reparaz eta Joseba Olagarai aurkezle nafarrek gidatuko dute saioa eta Leire Martinez eta Albina Stardust kazetariek, besteak beste, bertatik bertara jasoko dute kaleetako jai-giroa eta lehen inpresioak.
Azken hamabi urte hauetan ETBk entzierroak zuzenean emango dituen lehen aldia da, RTVErekin lortutako elkarlan hitzarmenari esker.
Nerea Reparaz eta Joseba Olagarai
EITBko irratiek ere zuzenean eskainiko dituzte entzierroak: Aritz Agirrek eta Aitor Perezek egingo dute emanaldiaren kontakizuna Radio Euskadin eta Radio Vitorian, eta Iñaki Berastegik eta Patxi Irigoienek, Euskadi Irratian.
EITB Iruñeko kaleetan
San Fermin jaiei hasiera emango dien txupinazoa zuzenean izango da ikusgai 11:15etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en. Martxelo Sotesek eta Ilaski Serranok egingo dute kontakizuna eta Egoitz Txurrukak kaleko giroaren berri emango du, jaien hasierako lehen inpresio eta testigantzak bilduz. Profesional talde berdinak gidatuko du zuzenean jaiei amaiera emango dien Pobre de Mi ekitaldia uztailaren 14an.
Halaber, ETB1eko "Edozein Herriko…" saioa Iruñeko Baluarteko inguruetan kokatutako platotik egingo da. Julian Iantzik aurkeztuta, gonbidatu bereziak eta hiriko puntu ezberdinetatik zuzeneko konexioak izango dituzte astelehenetik ostegunera 21:30etik aurrera. Horrez gain, uztailaren 9, 10, 12 eta 13an su artifizialak eskainiko dira zuzenean, Julian Iantziren eta Ilaski Serranoren kontakizunarekin.
Julian Iantzik aurkeztuko du 'Edozein herriko...'
Bestalde, ETBko albistegiak Iruñeko Baluartetik egingo dira uztailaren 7an. Jonan Apaolazak gidatuko du "Gaur Egun" saioa eta Africa Baetak "Teleberri". Kirol informazioa ere bertatik eskainiko dute Jon Balenziagak (ETB1) eta Juan de la Vegak (ETB2).
EITBko irratiak ere Iruñean izango dira. Radio Euskadiko "Boulevard" saioa hiriko kaleetan izango da uztailaren 6an, eta Xabier Garcia Ramsden festaren gune garrantzitsuenetan murgilduko da. Gaztelu plazan hasiko dira, eta, 09:00etatik aurrera, Udaletxe plazako Casa Seminario eraikinetik arituko dira zuzenean. Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrekin egingo dute txupinazoaren zuzeneko emanaldia.
Gazteako "Dida" saioak zuzenean eskainiko du txupinazoa Iruñetik bertatik, Gaztelu plazatik egingo duten saio berezian.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioa, berriz, San Fermin egunean egingo da Iruñetik. Gonbidatu bereziak hartuko dituzte eta zuzeneko musika izango dute.
Eduki bereziak
Sanferminetako programazio berezia Zer ote ziren sanferminak? dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da igande honetan, uztailaren 3an 22:15ean ETB1en. Filma uztailaren 7an eskainiko da ETB2n 22:30ean.
Pablo Iraburuk zuzendutako ikus-entzunezkoa Arena, Labrit, Calu Creative eta 601 ekoiztetxe nafarrek egin dute elkarlanean. Gaizka Arangurenek aurkeztuta, sanferminen benetako esentzia bilatuko duen saio honek iruindarren iragan eta sormenean murgilduko gaitu. 140 lagunen testigantza, oroitzapen eta bizipenetan barrena bidaiatuko du dokumentalak, sanferminetako irudi eklektiko eta anitza eskainiz.
Dokumentalaren aurrestreinaldia ostiral arratsaldean, uztailaren 1ean, egingo da Iruñeako Golem zinema aretoetan. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak, Gaizka Aranguren aurkezleak eta dokumentalaren egile eta protagonistek.
Bestalde, Amaiur Elizarik aurkeztutako "Navarra Hoy" saioak sanferminetako bi saio monografiko eskainiko ditu uztailaren 8an eta 15ean Nafarroarako deskonexioan. Jaien jarraipen zabala egingo dute jai-ekitaldi garrantzitsuenak, kaleko giroa, entzierroak eta sanferminetan gertatzen den guztia biltzeko.
Halaber, "Lau Teilatu" ekimena jarriko du abian EITBk, hego Euskal Herriko hiriburuetako skylineak musikaz josiko dituen saioa. Sanferminetan, Maialen Gurbindo Chica Sobresalto abeslari nafarraren kontzertua eskainiko da Baluartetik, Ilaski Serranok aurkeztuta, uztailaren 10ean 22:15ean.
Bestalde, La Pamplonesa musika bandak Jesus Garisoainen zuzendaritzapean eskainiko duen sanferminetako aurreko kontzertua grabatuko du ETBk uztailaren 2an Iruñeko Udaletxe plazan. Ekitaldian Kilika eta Duguna dantza taldeek hartuko dute parte, eta Iruñeko peñak omenduko dituzte.
Gainera, San Fermin pilota txapelketa zuzenean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, torneoko finalak, emakumeena (uztailak 9) eta gizonezkoena (uztailak 14), Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere jarraitu ahal izango dira. Nafarroako lau t'erdiko txapelketa finala ere izango da ikusgai telebista eta irratietan uztailaren 7an.
Hedabide guztietan jarraipen zabala
EITBko hedabide guztiek zuzeneko konexioak egingo dituzte hiriko kaleetan, eta festak ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko dituzte erreportajeen bidez. Besteak beste, sanferminek presentzia nabarmena izango dute "Biba Zuek!", "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" eguneroko saioetan. Ane Ibarzabalek aurkeztutako saioak ordu erdiko tartea eskainiko die jaiei egunero.
Radio Euskadi, Radio Vitoria, Euskadi Irratia eta Gaztea irratiek egunero emango dute San Fermin jaietako azken orduaren berri goizeko eta arratsaldeko saioetan, gonbidatu bereziekin eta zuzeneko konexioekin.
Azkenik, eitb.eus-ek sanferminen inguruan sortuko diren eduki guztiak bilduko ditu webgune berezi batean eta jaien ekitaldi nagusienak streaming bidez eskainiko ditu (txupinazoa, Pobre de Mi, pilota jaialdiak eta saio bereziak, besteak beste.) Halaber, EITBk sanfeminetako azken orduaren berri emango du sare sozialetan, eta EITBko hedabideek jaien inguruko jarraipena egingo dute.