Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

Euskotren Ligako patroirik onenak EITB Sariaren maillota jantziko du aurten

EITB Media

Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak eta Borja Rodrigo Traineru Kluben Elkarteko (TKE) presidenteak sinatu dute babesletza hitzarmena. Ekitaldian egon dira, halaber, emakumeen ligan arituko diren lau klubetako ordezkariak.

1:02
EITBk babestutako Euskotren Ligako patroi onenaren maillota

Aurten, estreinako aldiz, EITBk Euskotren Ligako patroi onenaren saria emango du, Traineru Kluben Elkartearekin (TKE) sinatu duen babesletzari esker. Hartara, Euskotren Ligako patroirik onenak EITB Sariaren maillota jantziko du denboraldi honetako estropada bakoitzean. 

Euskotren Liga babesteko ekitaldia Bilboko EITBren egoitzan izan da ostegun honetan (ekainak 2). Bertan, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak eta Borja Rodrigo Traineru Kluben Elkarteko presidenteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Eurekin egon dira, halaber, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Iratxe Etxebarria EITB Mediako Kirol zuzendariordea eta lau klubetako ordezkariak: Natalia Tubio Dieste (Nortindal Donostiarra Ur Kirolak 100), Noa Viaño Castañeda (Orio Orialki), Maddi Urdanpilleta Rodriguez (Tolosaldea) eta Andrea Astudillo Rivadas (Donostia Arraun Lagunak). 

Gustura agertu dira Isabel Octavio eta Borja Rodrigo lotutako hitzarmenarekin. "Emakumeek kirol munduan duten indarra eta presentzia bultzatzeko ahalegin berezia egiten ari da EITB. Kasu honetan, arraunaren aldeko apustua egin dugu, eta, EITBren 40. urteurrenean, eusko patroirik onenari emango zaion saria babestea erabaki dugu", adierazi du EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak. 

Isabel Octavio eta Borja Rodrigo akordioa sinatu ostean

Isabel Octavio eta Borja Rodrigo akordioa sinatu ostean

Geroz eta indar handiagoa hartzen ari den emakumezkoen arraunarentzat urte estrategikoa da hau, lau trainerutik zortzira pasatuko baita hurrengo urtean. Euskotren Ligak 14 urte beteko ditu eta EITBren sariak eta estropada kopurua handiagoak bultzada emango diote denboraldiari. "Emakumeen arraunak azken urteetan jarraipen eta ikusmin handia eragiten du, EITBko emanaldiek lortzen dituzten ikus-entzule kopuruak horrela erakusten dute", erantsi du Octaviok. Iaz, hain zuzen ere, orokorrean % 9,1eko audientzia izan zuen emakumeen arraun ligak ETB1en. 

ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean eskainiko den Euskotren Liga uztailaren 2an hasiko da Bilbon eta abuztuaren 21ean Zarautzen amaituko da. Bandera bakoitzean, EITB Sariaren maillota jantziko du norgehiagokan arituko diren lau klubetako patroi onenak.