Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITB Euskal Eskola Publikoaren jaiaren babesle eta bidelagun izango da, beste behin ere

EITB Media

Lankidetza hitzarmena berritu dute Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Arkaitz Aburto Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak. EITB Bastidan izango da ekainaren 5an, Euskal Eskola Publikoaren jaian, haur eta gaztetxoentzako edukiekin.

0:43
Andoni Aldekoa eta Arkaitz Aburto

EITBk eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute, astelehen honetan, maiatzak 30, Bilboko EITBren egoitzan izan den ekitaldian. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Arkaitz Aburto Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak izenpetu dute akordioa.

Bi aldeak pozik agertu dira lankidetzarekin, eta inoiz baino beharrezkoagoa jo dute euskararekin eta euskarazko hezkuntza publikoarekin zerikusia duten ekimenak bultzatu eta ikusgarri egitea, pandemiaren ondorioz bi urte hauetan bizitako egoeraren ostean, bereziki. 

Hala, EITBk Euskal Eskola Publikoaren jaiari babesa adierazi nahi izan dio beste behin. Izan ere, Ikus-entzunezko talde erreferente gisa, EITBrentzat garrantzitsua da Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearekin aliantza indartzea eta bere ekimenei ikusgarritasuna ematea, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez.  "Batzen gaituzten emozioen bilgune eta isla izan nahi du EITBk", gogoratu du Aldekoak, euskararen eta hezkuntza publikoaren aldeko ekimenek gizartea batzeko duten indarrari aipamen eginez. Bi urteren ostean, elkartzeko aukera izango da berriz ere aurtengo jaian, eta egoera horrek dakarren ilusioaren isla eta igorle izan nahi du EITBk.

EITBren 3 kluba eta "3 Ene Kantak" Bastidan izango dira

Hazitik Gora! lelopean, Bastidan ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren 29. jaia, ekainaren 5ean, eta bertan izango da EITB. Zehazki, 4. gunean egongo da EITB, Toloño gunean.

Bertan, ohi bezala, 3 klubak txoko berezia izango du eta klubeko kide egiteko aukera izango da 11:00etatik 18:00etara. Gainera, 13:30ean, "3 Ene Kantak" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute txikienek; eta, nola ez, Antxus klubeko maskota ere Euskal Eskola Publikoaren jaian egongo da.

Euskal Eskola Publikoaren jaia

1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen du EHIGEk eskola-komunitateetako gainontzeko kideekin batera, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzeko asmoz. Hala, hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzaile izango den eskola publiko euskalduna, kalitatezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, berritzailea eta solidarioa defendatzen du EHIGEk. Federatutako 500 IGE baino gehiagorekin, Euskal Eskola Publikoaren baitan ordezkaritza handiena duen erakundea da EHIGE, eta Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazioek osatzen dute.