EITB TALDEA
Batzen gaituzte emozioak
EITBren 3 kluba eta "Irabazi Arte!" telesaileko hiru protagonista Herri Urratsen izango dira igande honetan
EITB Media
Araba Gunean izango da EITB, eta 3 klubeko kide egiteko aukera egongo da bertan. Gainera, "Irabazi Arte!" telesaileko Leire, Olatz eta Lilirekin eta Antxus 3 klubeko maskotarekin argazkiak egin ahalko dituzte haur eta gazteek. EITB ikastolen ospakizunetako babesle nagusi da beste behin.
-
"Irabazi Arte!"
Igande honetan, maiatzak 8, ospatuko da 2022ko Herri Urrats jaia Senperen, eta EITBk txoko berezia izango du bertan. Ohi bezala, Araba Gunean egongo da. Bertan kokatuko da 3 klubaren espazioa, eta klubeko kide egiteko aukera egongo da 10:00etatik 18:00etara. Horrez gain, etxeko haur zein gaztetxoek parada izango dute gustuko dituzten zenbait pertsonaia eta aktorerekin egon eta argazkiak ateratzeko.
Hala, 11:00etatik aurrera, "Irabazi Arte!" telesaileko Leire, Olatz eta Lili egongo dira EITBren txokoan. Ane Iturrate (Leire), Ainhoa Azpitarte (Olatz) eta Joana Garitano (Lili) aktore gazteek argazkiak aterako dituzte jarraitzaileekin, photocallean. Gaztetxoei zuzendutako "Irabazi Arte!" euskarazko fikzioak arrakasta handiz amaitu berri du lehen denboraldia, fenomeno transmedia bilakatuta. Emakumezkoen futbol talde bat hartzen du oinarri eta, protagonisten bitartez, gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak lantzen ditu, besteak beste, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak.
Horrez gain, etxeko txikienak 3 klubeko Antxus maskotarekin egon eta elkarrekin argazkiak aterako ahalko dituzte. Hiru hitzordu egongo dira: 13:00etan, 15:30ean eta 17:00etan.
3 klubeko kide egiteko aukera egongo da Herri Urratsen.
Batzen gaituzten emozioak
Urtero bezala, EITB Ikastolen Elkarteko ospakizunetan bidelagun eta babesle nagusi izango da, bi entitateen arteko aliantza berretsita. Hala, EITBren medioek Herri Urratseko jarduera eta ekitaldien berri emango dute, telebistan, irratian zein webgunean. Besteak beste, han izango dira Euskadi Irratiko "Amarauna" eta Radio Euskadiko "Más Que Palabras", Euskal Telebistako informatiboekin batera.
Bi urteren ostean, pandemiak eragindako aforo mugarik gabe elkartzeko aukera izango da berriz ere aurtengo jaietan eta egoera horrek dakarren ilusioaren isla eta igorle izan nahi du EITBk, batzen gaituzten emozioen bilgune eta isla.