Itxi

EITB TALDEA

GAZTEA

Surfaren inguruko 'Lay Day' bideopodcasta estreinatu du Gazteak

EITB Media

Ander Lopez Lerenak eta Olaia Elorriaga Urrutiak gidatuko dute, eta saio bakoitzeko gonbidatu bat izango dute. Bi asterik behin izango da ikusgai, Gaztearen YouTubeko kanalean.

  • Ander Lopez eta Olaia Elorriaga Bittor Garitaonandiarekin

    Ander Lopez eta Olaia Elorriaga Bittor Garitaonandiarekin

Surfa ardatz duen 'Lay Day' bideopodcasta estreinatu du Gazteak aste honetan, Ander Lopez Lerena eta Olaia Elorriaga Urrutia surflariek aurkeztuta. Atal bakoitzeko gonbidatu bat izango dute, eta hamabostean behin izango da ikusgai Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean. Gainera, EITB Podkasten entzuteko aukera izango da. 

Lehen atala astelehen honetan argitaratu da. Bertan, Bittor Garitaonandia Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari den surflari debarra gertutik ezagutzeko aukera dugu. Bi aste barru, Leticia Canales bizkaitar surflari profesionalarekin mintzatuko dira. 

Surflariek surflarientzat egindako produktua da 'Lay Day'. Edonork ikus dezakeen arren, "surfaren saltsan" dagoen publikoari bideratutako saioa da, gai teknikoez arituko baitira bertan. 

Ofizioz kazetaria da Ander; Olaia, ostera, marketinaren mundutik dator. Biek konpartitzen dute surfarekiko maitasuna eta zaletasuna; eta Euskal Herriko Surf Federazioarentzat speaker lanetan aritzen dira.