Itxi

EITB TALDEA

Saria

Jon Artano kazetariak Tene Mujika Beka irabazi du

EITB Media

"Anderik Ande" Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko dituen proiektuagatik eman diote saria.

  • Jon Artano kazetaria.

    Jon Artano kazetaria.

Jon Artano EITBko kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika Beka, Amerikan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta Euskal Herrian dauden hainbat amerikarrenak kontatu nahi dituen "Anderik Ande" izeneko proiektuarekin.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika Bekak.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten aurkeztutako proiektuen artean Artanorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Orain urtebeteko epea izango du kazetari gipuzkoarrak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Bi zati izango ditu lanak. Lehena, Joandakoez, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu, bestea beste Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak.

Bigarren partea, Etorritakoez, gaur egun Latinoamerikatik Euskal Herrira migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.

Jon Artano Izeta (Zestoa, 1978) Kazetaritzan lizentziaduna da eta 20 urteko ibilbidea egin du hainbat irrati, telebista eta idatzizko hedabidetan. Oraintxe bertan eszedentzian dago Euskadi Irratian. 2016tik 2019ra Latinoamerikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat, eta hango esperientzia baliatuko du, besteak beste, bere liburu hau idazteko.