EITB TALDEA
Go!azen
"Go!azen"en audioliburuak, EITBPodkast atarian entzungai
EITB Media
Jasone Osoro idazleak idatzitako lau liburuak daude entzungai, "Go!azen 8.0" estreinaldiaren arrakastarekin bat eginez; telesailak inoiz izandako denboraldi hasierarik onena lortu zuen ostiralean.
-
"Go!azen" audioliburuak
Jasone Osoro idazleak "Go!azen" unibertsoaren barruan sortu duen liburu sortako lehendabiziko lau aleak EITBPodkast atarian daude entzungai, "Go!azen 8.0." denboraldi berriaren estreinaldiarekin bat eginez.
Liburu arrakastatsuen kontakizuna telesaileko aktoreak egin dute EITBPodkast plataformarako. Lehen liburua, Iritsi gara! izenekoa, Lorea Intxaustik irakurri du eta Basakabira bidean doazen gaztetxoen abenturei buruzkoa da. Errepidean kamioi bat gurutzatu da eta auto-ilarak sortu ditu, errepidean doazenen bizitzak ere gurutzatuz.
Bigarren audioliburua, Eiderren egunerokoa, Eiderren papera egiten duen Esti Lopezek irakurri du eta osasuntsuak ez diren bikote harremanak hartzen ditu hizpide.
Hirugarrena, Maddiren amona influezerra", Dánae Riañoren ahotsean entzungo dugu. Maddik amonaren etxean pasa behar izan du itxialdia. Denbora horretan, amona sare sozialetan trebatuko du eta honek gazte garaiko mutil-lagunarekin topo egingo du sareei esker.
Azkena, Asteburu bat eskiatzen, Asier Burguetek irakurri du. Basakabiko lagun taldeak eskiatzera asteburu pasa joatea erabakiko dute.
Alai argitaletxeak 2020ean argitaratu zituen liburuak eta audioliburu gisara On Time Ekoizpenak eta EITB Mediak 2021ean sortu dituzte EITBPodkast plataformarako.
"Go!azen 8.0", transmedia fenomeno arrakastatsua
"Go!azen 8.0" denboraldi berria ostiralean, azaroaren 19an, estreinatu zen EITBko euskarri ezberdinetan, arrakasta handia lortuz.
Telebistan, telesailak inoiz izandako estreinaldirik onena izan da. 4 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen artean liderra izan da bere ordu tartean % 28,7ko kuotarekin. Halaber, denboraldiaren lehen atalak % 5,8ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 11,5eko kuota eskuratu ditu. Audientzia metatuari dagokionez, 70.000 ikus-entzulek bat egin dute emanaldiarekin Euskadin eta eragin eremuan.
Euskarri digitalei dagokienez, 17.000 erabiltzaile baino gehiagok ikusi dute telesailaren edukia Go!azen appan eta Youtubeko emanaldiak ia 62.500 ikustaldi izan ditu EITBren eta 3 klubaren kanaletan. "Go!azen" webguneak, bere aldetik, 10.500 erabiltzaile baino gehiago izan zituen, 27.000 orrialde ikusi baino gehiago lortuz.