Itxi

EITB TALDEA

Ikerketa EAEn eta Nafarroan

Gazteek telebista erabiltzen dute albisteentzako, plataformak fikziorako eta YouTube entretenimendurako

EITB Media

EAE eta Nafarroako gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa aztertu du Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak. EHUk, EITBk, Tabakalerak eta Kulturaren Euskal Behatokiak sustaturiko Applika+ programaren parte da ikerketa proiektua.

  • Gazte batzuk mugikorrarekin

    Gazte batzuk mugikorrarekin. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia

Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa aztertu du 11 eta 23 urte bitarteko ia 3.000 gaztek osatzen duten panel baten bitartez. Ikerketa proiektua Applika+ programaren parte da, EHUk, EITBk, Tabakalerak eta Kulturaren Euskal Behatokiak sustaturiko programa. Helburua, besteak beste, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, ohiturak eta formatuak zeintzuk diren ezagutzea eta horietan sakontzea da.

Ikerketaren arabera, 11-23 urte bitarteko gazteek albisteak ikusteko gehienbat telebista erabiltzen du, telesail eta pelikulak ikusteko streaming plataformak eta entretenimendurako YouTube. Gainera, telebista "tradizionala" ere kontsumitzen dute.

Instagram da gehien erabiltzen duten sare soziala eta gaurkotasunarekin loturiko eduki barregarri-polemikoak sortzen dituzten kontuak eta aktibistak diren emakume feministen kontuak jarraitzen dituzte. @ceciarmy, @cabronazi eta @433 dira EAE eta Nafarroako unibertsitate gazteek gehien jarraitzen dituzten Instagram kontuak.

Beste batzun artean, Aritz Aduriz, Iñaki Williams, Itziar Ituño, Izaro, Aitziber Garmendia eta Toti Martinez de Lezea agertu dira erreferente moduan.

Horrela diote adin tarte horretako ia 3.000 gazteri egindako ikerketaren emaitzek. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroakoko institutu eta unibertsitateko ikasleak dira. Ikusikerrek 2020 urteko irailetik 2021 urteko ekainera arte Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako unibertsitate eta bigarren hezkuntzako hainbat zentrotan gazteek egiten duten ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz galdetu du.

Emaitzek erakusten dute unibertsitateko ikaslegoaren %70,9ak albisteentzako etxeko telebista aukeratu duela, fikziorako streaming plataformak (%62,6ak) eta entretenimenduzko programetarako (%43,3ak) YouTube. Bigarren hezkuntzako ikasleen kasuan, azken edukia non ikusi duten galdetzean, gehiengoak (%45ak) telefono mugikorra erabili duela esan du. Horren barruan, YouTube izan da gehien erabili duten plataforma (%24ak).

Taula 1. Edukien kontsumorako aparailu eta plataformak

Taula 1. Edukien kontsumorako aparailu eta plataformak

Instagram garaile eta beste erabiltzaileek sorturiko edukia interesgarrien

Gehien erabiltzen duten sare soziala Instagram da eta ia gehiengoak profil pribatua dauka. Sare sozial hau, batez ere, lagunekin harremana izateko eta "besteen edukiak ikusteko" erabiltzen dute. Instagramera igotzen dituzten gauzei dagokionez, normalean galerian edo aldez aurretik atera dituzten argazki eta bideoak izaten dira, non, elementu zentrala, norbera izaten den.

Desberdina da Twitter eta TikTok-en duten jarrera. Sare sozial hauetan momentuan sortzen dituzten edukiak igotzen dituzte eta normalean eduki barregarriak izaten dira.

Aipagarria da edukiak igotzeko eta kontsumitzeko erabiltzen duten lehen hizkuntza plataforma guztietan gaztelera dela.

Taula 2. Sare sozialetan sortzaileak (unibertsitatea)

Taula 2. Sare sozialetan sortzaileak (unibertsitatea)

Bigarren hezkuntzako ikasleen kasuan ere, %90ak Instagram kontua daukala adierazi du. Bere baitan, storyak dira gehien erabili eta ikusten dituztenak eta sare sozial hau, batez ere, harreman sozialetarako eta denbora pasatzeko erabiltzen dute. Instagram-eri buruz duten iritziari dagokionez, %47ak uste du "postureo" asko dagoela eta %36ak pandemia hasi zenetik gehiago erabiltzen dutela.

Umoreak irabazten du unibertsitatean, kirolak institutuetan (unibertsitate eta institutuetako emaitzak).

Unibertsitateko ikasleek gehien jarraitzen dituzten profilak gaurkotasunarekin loturiko eduki barregarri-polemikoak sortzen dituzten kontuak dira. Horien artean, @ceciarmy, @cabronazi eta @433.

Horiez gain, aktibistak diren emakume feministen kontuak ere oso jarraituak dira @ineshernan edo @trimadredeprincesas. Telebista saioei dagokienez jakina da "El Conquistador del Fin del Mundo" saioak daukan arrakasta, eta horrela da sare sozialetan ere. Athletic Club-en jarraitzaileak ere asko dira, eta amaitzeko askotan irten dira yotuber eta gamer-ak diren @ibaillanos, @telmotrenado eta @jorgecyrusen izenak.

Institutuetako emaitzetan, ordea, gehien jarraitzen dituzten profilak kirol munduarekin loturikoak dira.

Erreferenteak

Euskadi eta mundu mailan dituzten erreferenteak nortzuk diren galdetu zaie eta hemen gehien agertu diren izenak.

Taula 3. Nortzuk dira zure erreferenteak Euskadi mailan eta mundu mailan?

Taula 3. Nortzuk dira zure erreferenteak Euskadi mailan eta mundu mailan?

KIDEAK

IKUSIKER panela bi taldek osotzen dute, alde batetik 18-23 urte bitarteko unibertsitateko ikasleak eta bestetik 12-18 urte bitarteko bigarren hezkuntzako gazteak.

Unibertsitate ikasleen artean daude Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean daude Bizkaian Larramendi Ikastola (Mungia) eta Solokoetxe BHI (Bilbo); Gipuzkoan Eibar BHI eta Santo Tomas Lizeoa (Donostia); Nafarroan Biurdana BHI (Iruñean) eta Garcés de los Fayos (Tafallan) eta Araban Mendebaldea BHI (Gasteizen).  

METODOLOGIA

Ikerketa aurrera eramateko bi teknika erabili dira.

Unibertsitateko ikasleen kasuan, hilabetero, whatsapp aplikazioaren bitartez, ikasleak mezu bat jaso du esteka batekin. Esteka horrek zuzenean www.encuestafacil.com-era zereman ikaslea, eta bertan, galdetegia bete zezakeen.

Eskola eta ikastoletako ikasleen kasuan, ordea, eskoletako arduradunekin kontaktatu eta eurei pasatu zaie propio eskola bakoitzerako egindako galdetegia. Kasu horretan ere, ikasleak www.encuestafacil.com–era sartu eta galdetegia bete du.

Galdetegien emaitzak jaso eta horiek aztertu eta interpretatu dira.

IKUSIKERREK AURRETIK EGINDAKO IKERKETAK

Sei dira dagoeneko IKUSIKERek egin dituen txostenak. Hauek dira 2020 urteko irailean hasi eta 2021 urteko ekainera arte landu diren gaiak: 

1.Ikus-entzunezkoen kontsumo orokorra (erabiltzen diren gailuak, dituzten plataformak, zenbat denbora ikusten dituzten…).

2.Sare sozialen erabilera (Instagram, YouTube, Twich, Twitter eta TikTok).

3.Serie eta telesaien kontsumoa.

4.Sare sozialetan sortzen eta elkarbanatzen dituzten edukiak (Instagram-en, YouTube-n, Twich-en, Twitter-en eta TikTok-en).

5.Erreferente diren profilak (musika munduan, politikan, kulturan, zineman…).

Emaitza guzti horiek ikusgarri daudek IKUSIKER webgunean.

ETORKIZUNERA BEGIRA

Applika+en helburua da ikerketa honekin aurrera egitea eta beste herrialde batzutan egiten duten moduan, gure gizartearen ikusentzunezko kontsumo ohiturak zeintzuk diren ezagutzea eta hauek gizartearekin elkarbanatzea.