EITB TALDEA
M8
EITBko hedabideek jarraipen zabala egingo diote martxoaren 8ari
EITB Media
Telebistan, irratian eta webgunean eduki bereziak izango dituzte. Halaber, 'Manifestatu zaitez EITBn' ekimen bereziaren baitan ikus-entzuleek bidalitako mezuen berri emango dute.
-
M8. Irudia: EITB Media
Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean, EITBko hedabideek jarraipen eta eduki bereziak eskainiko dituzte. Eguneko informazioaren azken orduko albisteen jarraipena egiteaz gain, telebistan, irratian eta webgunean erreportajeak, elkarrizketak, kirol emanaldiak eta saio bereziak eskainiko dituzte.
Halaber, "Manifestatu zaitez EITBn" lelopean komunikazio ekimen berezia abiatu dute EITBko hedabideek aste honetan. Komunikazio kanpainaren xedea emakumeen eskubideen borrokaren alde mezua zabaldu eta bozgorailu izatea da. Telebista eta irratiko programetatik jendeari audioak eta mezuak eskatu zaizkie WhatsAppez bidaltzeko. Mezu hauetan, aldarrikapenak, iritziak eta sentimenduak azaldu ahalko dituzte.
Eduki bereziak telebistan
Euskal Telebistako albistegiek, ETB1eko "Gaur Egun" eta ETB2ko "Teleberri" saioek, eguneko azken ordukoa jaso, eta deitutako bilkura eta manifestazioen berri emango dute. Halaber, emakumeen egunaren inguruko erreportajeak eskainiko dituzte.
Astelehenean, martxoak 8, ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izango dute gonbidatu, eta arratsaldeko "Ahoz Aho" saioan, Ilaski Serranok saio monografikoa egingo du, Saioa Martijak gidatutako aktualidade tartearen ondoren. Iraitz Agirre eta Jule Goikoetxea ikerlariak izango ditu Ilaskik platoan, eta egunari lotutako gertakari historikoak landuko dituzte. Gainera, Euskal Herriko egoerari begira ere jarriko dira, Jule Goikoetxeak beste ikerlari feminista batzuekin egin duen ikerketa aztertuz: EAEko demokrazia patriarkala ikerlanak une oro patriarkatua birsortzeko mekanismoak aztertzen ditu.
Ondoren, "Biba Zuek!" tartean, Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetaria izango dute gonbidatu. Haren lana hartuko dute hizpide, eta, gainera, Hondarribiko alardean emakumeek gizonen pare desfilatzeko eskubidearen aldeko borrokaz arituko dira berarekin. Bestalde, familia berdineko hiru belaunalditako emakumeekin zaintza lanez arituko dira solasaldirako tartean, eta lanbide oso ezberdinak dituzten lau emakumeren testigantza interesagarriak jasoko dituzte.
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioan, Maider Mendizabal pilotaria izango dute gonbidatu, eta emakumeek eliteko kirolean dituzten zailtasunez arituko dira, besteak beste. Maider Mendizabal emakume pilotarien lehen elkarteko presidentea da, eta lau aldiz izan da munduko txapeldun.
Gauean, Klaudio Landak aurkezten duen "Eztabaidan" saioak ere bat egingo du martxoaren 8arekin. Nerea Rodriguez eta Maitane Segurola komunikatzaileak eta Aintzane Garmendia baserritarra izango dituzte solaskide egunak eman dituen albisteak eta irudiak aztertzeko.
Asteleheneko ETB2ko "En Jake" eta "QMEC" saioek ere M8arekin bat egingo dute, eta, horretarako, emakumeen presentzia oinarrizkoa izango da. Saioek izango dituzten solaskide guztiak emakumeak izango dira, eta elkarrizketatuko dituzten aditu eta gonbidatu gehienak ere bai. Lehen pertsonan ezagutuko dituzte emakumeen testigantza, bizipen eta iritziak martxoaren 8aren inguruan, baina baita egun-eguneko gaien inguruan ere. Gainera, "Manifestatu zaitez EITBn" komunikazio kanpainaren baitan ikus-entzuleek aurreko egunetan bidalitako mezu, audio eta bideoak eskainiko dituzte.
Horrez gain, eguneko azken ordukoa gertutik ezagutuko dute, eta deitutako bilkura eta manifestazioetan izango dira. Gainera, hainbat emakumeren istorio pertsonalak bilduko dituzte. Besteak beste, pandemiak zenbait emakumeren bizitzak nola aldatu dituen erakutsiko dute datuekin. Izan ere, bizi dugun egoerak emakumeen osasun eta lan balditzetan eragin handia izan duela azalduko dute.
Kirol emanaldiak
Emakume kirol eskaintza zabala prestatu du EITBk datozen egunetarako. Batetik, ETBko kirol albistegietan, goizez eta arratsaldez, emakumeen presentzia handiagoa izango da aste honetan. Egunero, kirol desberdinak oinarri hartu eta protagonistekin sakon hitz egingo dute.
Zuzeneko kirol emanaldiei dagokienez, larunbatean, 15:30etik aurrera, Emakume Master Cupeko lehen kanporaketa eskainiko da zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en, Asteasutik. Euskadi Irratia ere bertan izango da. Eta igande eguerdian, 12:00etan hasita, Reto Iberdrola Ligako Bartzelona B eta Alaves taldeen arteko partida izango da ikusgai.
Bestalde, Ana Ramosek gidatzen duen "Helmuga" saioan emakumeak izango dira protagonista igande honetan. Batetik, Thembi Kgatlana Eibar taldeko jokalari hegoafrikarra ezagutuko dute gertutik. Bestetik, Agurtzane Elorriaga iurretarrarekin izango dira. Garai batean txirrindulari profesionala izan zena, gaur egun Bizkaia-Durango emakumezkoen txirrindulari taldeko kirol zuzendaria da.
Irratietan, programazio berezia
Martxoaren 8aren harira hainbat eduki prestatu dituzte EITBko irratiek. Telebistan bezala, EITBko irratietan ere elkarrizketatu eta solaskide gehienak emakumeak izango dira eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko gai eta edukiak izango dituzte Radio Euskadi eta Euskadi Irratian. Bestalde, "Manifestatu zaitez EITBn" kanpainan, aste guztian zehar jaso dituzten entzuleen mezuak aireratuko dituzte egun horretan.
Martxoaren 8arekin batera, hasiko dira Euskadi Irratian Faktoria Gertu hausnarketak. Astelehenero, 08:30ean, hausnarketarako tartea hartuko dute Iñaki Guridik eta bi gonbidatuek. Martxoaren 8an, Miren Amuriza eta Maialen Arrieta izango ditu Guridik bidelagun, eta, besteak beste, pandemiaren inguruko bizipenak, feminismoa, aitzindari izatea eta zaintza izango dituzte hizpide. Horrez gain, "Faktoria" albistegian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatuko dute.
Halaber, "Faktoria magazine" saioan, Jasone Osoro idazlearekin, emakumeen historia eta istorioak idazteko tailerrei buruz arituko dira, eta hainbat emakumeren bizibideak ezagutuko dituzte. "Baipasa"n, zaintzaren ikur diren eskuez arituko dira.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak, gainera, solasaldi berezia antolatu du lanbide ezberdinak dituzten emakumeekin. Sara de la Rica Ekonomian katedradunak emakumeak, enplegua eta covid-19aren inguruko bere ikerketa aurkeztuko du. Bestalde, bi emakume kirolari izango dituzte gonbidatu: Ainhoa Tirapu Athletic taldeko futbolari ohia eta Maite Zugarrondo Bera-Bera eskubaloi taldeko jokalari ohia.
Horrez gain, Elena Sarasate La Manada auziko fiskala elkarrizketatuko dute "Boulevard Magazine" saioan, eta Inmaculada Boneta lehen Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea izango dute estudioetan. Garbiñe Ortega Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria izango da "Iflandia"n, eta Eva Ferreira EHUko errektorea, berriz, "La Mecánica del Caracol" saioan arituko da, unibertsitateak eraldaketa teknologiko eta sozialaren garai honetan dituen erronkei buruz.
Radio Vitorian, bi gai hartuko dituzte hizpide martxoaren 8an: emakume zaintzaileak eta pandemian zehar funtsezko lanbideetan aritu diren emakumeak. Zainketa alorrean, Ascudean elkarteko ordezkaritza izango dute, zahar-egoitzetako langileak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileak. Oinarrizko profesionalei dagokienez, besteak beste, garraiolariak, anbulantzien gidariak, ospitaleetako langileak eta supermerkatuko kutxazainak izango dituzte protagonista.
Horretaz gain, bai Gaztean bai EITB Musikan emakumeek sortutako musika izango da nagusi egun osoan zehar.
eitb.eus-en
eitb.eus webguneak ere egunean zehar jazotzen denaren berri emango du, besteak beste, eguneko datu guztiak eta deitutako bilkura eta manifestazioetan gertatzen den guztiaren berri jasoko baitu. Gainera, erreportaje bereziak eta banner bereziak egongo dira wegunean martxoaren 8a gogoratzeko.