Itxi

EITB TALDEA

SARE SOZIALAK

Zeintzuk dira EITBko sare sozialak?

L. B. | EITB MEDIA

EITB sare sozial nagusietan dago, eta azkenaldian bi albiste kanal estreinatu ditu Telegramen.

  • EITBk duen sare sozialen logoak.

    EITBko sare sozial nagusienak. Irudia: EITB.

EITBk presentzia handia du sare sozial nagusietan. Facebook eta Twitter ospetsuetan dituen orrialdeak dira ezagunenak, baina beste batzuetan ere baditu: Instagram, Youtube, Flickr, Linkedin… Zerrenda horretara gehitu den azkena Telegram izan da. Urrian estreinatu da plataforma horretan EITB, eta bi kanal ditu bertan: EITB Albisteak, euskaraz, eta EITB Noticias, gaztelaniaz. WhatsApp lehiakideak bere pribatutasun politikan aldaketak egingo dituela zabaldu ondoren, horren erabiltzaileen kopurua % 10era hurbildu zen 2020an, % 5eko hazkundea izanda.

Jarraitzaile gehien dituen plataforma Facebook da. IAB elkarteak publizitate, marketin eta komunikazio digitalaren inguruan egin duen ikerketaren arabera, internauten % 80k baino gehiagok erabiltzen dute. Gaur egun, EITB Taldeak 230 orrialde baino gehiago ditu sare sozial horretan. Taldearen orrialde ofizialak 58.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta ETBko saioen orrialdeek ere jarraitzaile asko dituzte: “El Conquis” (43.000), “La Noche De…” (24.000), “Ur Handitan” (7.300)… Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta EITB Euskal Kantak irratiek ere orrialde propioak dituzte, eta, horiez gain, gai orokorrei buruzkoak ditu: Euskaldunok Euskaraz, Gastronomia, Bitxikeriak... Halaber, Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuen orrialdeak ditu.

Erabiltzaileen % 70ek YouTube erabiltzen dute. ETBko saioetako bideo eta eduki nabarmenenak bertan daude. Egun, 623.000 harpidedun ditu, eta gustuko dituzten programen zatiak ikusteko edota bideoekin berriro gozatzeko erabiltzen dute. 2019tik, 3 klubeko kanala ere dago plataforma horretan ikusgai, eta gaur egun 3.790 harpidedun ditu.

Instagram da gazteek gehien erabiltzen duten sarea, TikTok plataformarekin batera. Azken hori da, IABren azterketaren arabera, gehien hazi dena, datuak ehunekotan aztertuz gero, 2019an erabiltzaileen % 3k erabiltzetik 2020an % 16k erabiltzera igaro baita. EITBk profil ofiziala du Instagramen ere, baina horri telebistako programen kontu ofizialak gaineratu behar zaizkio: “El Conquis” (42.000 jarraitzaile) eta “Barre Librea” (12.000 jarraitzaile), esaterako. Bestalde, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea irratietako saioek ere kontuak dituzte Instagramen. Azken horrek TikTok plataforman ere du kontua, eta baita “El Conquis” eta “Barre Librea” saioek ere.

EITBk 100 kontu baino gehiago ditu Twitter sarean, eta EITB Taldeko marka korporatibo guztiek orrialde ofiziala dute (@eitbeus, @euskaltelebista, @euskadi_irratia eta abar), eta telebistako eta irratiko programek ere bai.

Horrez gain, EITBk kontu korporatiboa du Linkedinen (5.500 jarraitzaile ditu), eta irratsaioak eskuragarri daude Ivoox edo iTunes eduki erantsien plataformetan. Gainera, hainbat kontu eta playlist ditu Spotify sarean, irratiko audio eta edukiak eskaintzeko. Horrela, EITB Taldeko irratien entzuleek noiznahi eta nonahi entzun ahal dituzte nahi dituzten edukiak.