Itxi

EITB TALDEA

Saria

Eva Caballero Radio Euskadiko kazetaria saritu du Instituto Roche Fundazioak

EiTB

Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuan Kazetaritza saria lortu du, ikus-entzunezko atalean.

  • Eva Caballero Radio Euskadiko kazetaria.

    Eva Caballero Radio Euskadiko kazetaria. Argazkia: EiTB

Instituto Roche Fundazioak Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuan Kazetaritza sariak banatu ditu, modu birtualean, eta Eva Caballero Radio Euskadiko kazetaria saritu dute ikus-entzunezko atalean. Zehazki, "Gastronomia pertsonalizatua: Nutrigenetikatik Adimen Artifizialera (Gastronomía personalizada: de la nutrigenética a la Inteligencia artificial)" saioagatik eman diote saria Caballerori. Berriki 10 urte bete dituen Radio Euskadiko "La Mecánica del Caracol" saioan emititu da programa.

Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuan izaten diren aurrerakuntzak (medikuntza arloan zein maila zientifikoan) gizarteari helarazteko lagungarri diren kazetaritza lanak nabarmentzen dituzte sariok. Narrazio eta ikus-entzunezko mailan, lanen kalitatearekin batera, epaimahaiak sakontasuna, kreatibitatea eta ikuspegien originaltasuna eta berrikuntza baloratu ditu, betiere landutako edukien balio informatiboa eta interes soziala nabarmenduz.

Sari-banaketan, Eva Caballerok zientzia eta teknologia esparruetan kultura zientifikoa zabaltzeko lan egiten duten pertsonen jarduna eskertu du, eta zientziaren eta gizartearen arteko harremanean kazetaritza espezializatuak duen papera azpimarratu du.

"Irrati publiko bezala, Radio Euskadiren misioetako bat da gizartearen ezagutza eta espiritu kritikoa sustatzea, are gehiago osasun krisi egoeran", Eva Caballeroren hitzetan.

"La Mecánica del Caracol" saioa 2010eko irailean jaio zen. Urte hauetan, Estatu mailan astero arratsaldez bost orduko dibulgazioa eskaini izan duen saio bakarra da. "Zientziari, teknologiari eta historiari buruzko edukiek gaitasuna dute jakin-mina pizteko, jakintzaren mugak zabaltzeko eta herritar informatuagoak eta formatuagoak sortzeko", esan du saioko zuzendariak.