EITB TALDEA
Ostiral honetan
Euskaraz ari diren irratiak, eskutik helduta
E.I.
Goizeko 11etan, irrati guzti hauetan abesti berbera entzun ahal izango da une berean. Ken Zazpi taldearen kantu bat aukeratu dute, "Hel nazazu eskutik" izenekoa.
-
Euskaraz ari diren irratiak, eskutik helduta, martxoaren 27an
Koronabirusak eragindako krisiak gizarte osoaren bizimodua aldatu du, eta etxean itxita egotera derrigortuta gaude denok. Egunaren 24 orduak nola bete ezin asmatu gauden honetan, bakardadeari aurre egiteko, irratia aukeratu dute askok. Horregatik, konpainia egitearena irratiaren berezko ezaugarria dela aldarrikatzeko bat egin dute Euskal Herriko hainbat irratik.
Ikerketek diote komunikabideen artean, sinesgarritasun handienetakoa irratia bera dela. Baina irratiak informaziotik bezainbeste du entretenimendutik. Irratia sortu zenetik izan du helburutzat konpainia egitearena. Eta hori, urtean zehar bistakoa bada ere, nabarmenago geratu da eguna etxean sartuta eman behar dugun egoera honetan.
Irratiaren izaera hori aldarrikatzeko, eta isolamenduari aurre egiteko bide bakarra elkartasunarena dela gogorarazteko, 16 irratik bat egingo dute ostiral honetan, martxoaren 27an. Euskadi Irratia, Gaztea, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia, Euskalerria Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Antxeta Irratia, Xiberoko Botza, Amikuze Irratia, Antxeta 2 Irratia, Beleixe Irratia, Esan Erran Irratia, Karrape Irratia, Aralar Irratia eta Arrasate Irratiak bat egingo dute une batez. 11:00etan, irrati hauetan guztietan abesti berbera entzun ahal izango da une berean. Ken Zazpi taldearen kantu bat aukeratu dute, "Hel nazazu eskutik" izenekoa.
Irratia inoiz baino biziago dagoela aldarrikatzeko, eta entzuleak behar duen oro irrati bidez jasoko duela gogorarazteko, irrati hauek ere eskutik heldu, eta Korrikaren inguruan abiatutako auzolanarekin jarraitzeko prest daudela azaldu nahi dute ekimen berri honekin.