Itxi

EITB TALDEA

EiTB Taldea

Hirugarren sektore soziala sustatzeko akordioa, EiTB eta Eusko Jaurlaritzaren artean

EiTB

Horren arabera, gizarte-inklusioaren alde eta pertsona ahulenen eta zaurgarrienen defentsan lan egiten duten erakundeen ekintza boluntarioa ezagutzera emateko zortzi kanpaina zabalduko dira urtean.

  • Beatriz Artolazabal eta Maite Iturbe akordioa sinatu ostean

    Sinadura ekitaldia. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Euskal Irrati Telebistak eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bi urtean behingo hitzarmena sinatu dute Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko. Ekitaldia Sareen Sarea elkartearen egoitzan egin da gaur, abenduak 18, eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu dute parte bertan, Pablo González Sareen Sareko eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko presidentearekin batera.

Akordio horren bidez, urtean zortzi kanpaina solidario zabalduko dira, eta, horien bidez, Sareen Sarean gizarte-inklusioaren alde eta pertsona ahulenen eta zaurgarrienen defentsan taldekatutako erakundeen ekintza boluntarioaren errealitatea emango da ezagutzera.

Beatriz Artolazabalen esanetan, "kanpaina horien helburua sozietate zibil antolatuari, dinamizatuari, indartsuari eta parte-hartzaileari ahotsa ematea eta hura sustatzea da".

400.000 euroko inbertsioa bideratuko da 2020ko eta 2021eko ekitaldietan hitzarmen horretara.

Maite Iturbek nabarmendu duenez, komunikazio-zerbitzu publiko gisa gizarte-erantzukizun korporatiboko jarduketa-programan sartzen da hitzarmena.

Hitzarmen horrek Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeei irekitzen dizkien aukerak azpimarratu ditu Pablo Gonzalezek, onuragarria izango baita nazioarteko egunak, ekitaldi solidarioak, jardunaldiak eta bestelako ospakizunak antolatzeko.

Ekimen hori 2017an onetsitako Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategian aurreikusitako ekintzen artean dago, bai eta estrategia hori garatzeko 2018-2020 aldirako legegintzaldi-planean aurreikusitakoen artean ere.