EITB TALDEA
EiTB- Donostia Zinemaldia
EiTBk Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu du
EiTB
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu dute.
-
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria. Irudia: EiTB
EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmena berritu dute ostiral honetan, irailak 13, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Hartara, Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu ondoren, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio Taldearen hedabide guztietan.
Irailaren 20tik 28ra bitartean izango den Donostia Zinemaldiaren inguruan berri emateko esfortzu berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, ETB1en zuzenean eskainiko dira irekiera eta itxiera galak, eta ETB4n, Euskal Zinemaren Gala eta hiru Donostia Sariak (Penélope Cruz, Costa Gavras eta Donald Sutherland) emateko ekitaldiak. Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en.
ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak emango du bederatzi egunetan Donostiatik bertatik bertan gertatzen den guztiaren berri. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Aho' saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, 'EiTB Kultura' saioan Maddalen Beloki Zinemaldiko zuzendariordea elkarrizketatuko dute datorren astean.
eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio, eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak. Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
Una ventana al mar filmaren estreinaldia, EiTB Galan
Zinemaldiaren 67. edizioko EiTB Gala irailaren 25ean izango da, Victoria Eugenia antzokian, 21:30ean. Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar proiektatuko da bertan, Emma Suarez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da.
Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suarez), berrogeita hamabost urteko Bilboko emakumeak, bere lagun minekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisiros uhartera eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta etxean bezala sentituko da berehala. Uharte ederra arakatu eta bertako altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos (Akilas Karafisis) ezagutuko du, eta, ustekabean, maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko, ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
EiTBk babestutako hamabi ekoizpen Zinemaldian
Aipatutako Una ventana al mar filmaz gainera, Zinemaldian izango diren beste 11 ekoizpenek izan dute EiTBren parte-hartzea. Guztira, 4 milioi euro inguru inbertitu ditu EiTBk 12 film horiek finantzatzen. Euskal zinemak bizi duen garai oparo honetan, EiTBk egindako lana nabarmendu nahi izan du Maite Iturbe zuzendari nagusiak, diruz laguntzeaz gain, proiektuen aukeraketan ere garrantzia handia baitu EiTBren parte-hartzeak.
EiTBk diruz lagundutako pelikuletako sei estreinaldi Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian izango dira.
Asier Altuna eta Telmo Esnalen pelikula berria, Agur Etxebeste!, Euskal Zinemaren Galako protagonista izango da.
Zinemira sailaren barruan, EiTBren partaidetza izan duten sei pelikula izango dira: 70 Binladens (Koldo Serra), Elkano: lehen mundu bira (Angel Alonso), El doble más quince (Mikel Rueda), La pequeña Suiza (Kepa Sojo), Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga) eta Soinujolearen semea (Fernando Bernués).
Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten La trinchera infinita pelikula Sail Ofizialeko lehian izango da, baita Irizar saria irabazteko borrokan ere.
Gauza bera egingo du Maider Fernandez Iriartek zuzendu duen Las letras de Jordi pelikulak, zuzendari berrien New Directors sailean. Donostiarraren lehen film luzea, gainera, Gazteriaren Sarirako lehiatuko da.
Perlak sailean, O que arde (Oliver Laxe) izango da ikusgai, eta Culinary Zineman, Mikel Urretabizkaiaren Gazta (Irizar sarirako lehian ere arituko da).