EITB TALDEA
Gasteizko jaiak 2019
Andre Maria Zuriaren jaietan murgilduko da EiTB
EiTB
Euskal Telebistak, Radio Vitoriak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek programazio berezia eskainiko dute.
-
Jarraipen zabala EiTBn Gasteizko jaiei
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte handia izango dute EiTBn. Abuztuaren 4an hasi eta abuztuaren 9ra arte, Arabako hiriburuko festa giroaren jarraipena egingo dute Euskal Telebistak, Radio Vitoriak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek.
Euskal Telebistan, Zeledonen jaitsiera izango da festen abiapuntua, eta, horrekin batera, 'Gasteizko Jaiak 2019' saio bereziek, Andre Maria Zuriaren jaietako pilota torneoko partidek, Ikurrinaren omenaldiak, Txistulari Kontzertu Nagusiak, Edurne eta Zeledon Txikiren Jaitsierak eta Zeledonen Igoerak osatuko dute jaien inguruko eskaintza berezia. Saio eta emanaldi berezi guztiak eitb.eus-en ere izango dira ikusgai zuzenean, eta Gasteizko jaien inguruko informazio eta datu guztiak bilduko ditu webguneak.
Irratiei dagokienez, Zeledonen jaitsieraren zuzeneko emanaldia eta aste osoan zehar programazio berezia eskainiko du Radio Vitoriak, goizez eta arratsaldez, jai giroaren eta eguneroko ekitaldien berri emango duten programa bereziekin. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere gertutik jarraituko dituzte Gasteizko jaiak.
ETBn eta eitb.eus-en, saio bereziak
Ohi denez, Zeledon San Migel elizako kanpandorretik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzen duenean hasiko dira Gasteizko jaiak. ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute ekitaldia; igandean izango da, 17:30ean hasita, Pilar Ruiz de Larrea eta Unai Ugarte kazetarien kontakizunarekin. Iñaki Elorzak eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri emango dute, bertan bildutako herritarrekin eta gonbidatu bereziekin hitz eginez.
Astelehenean, abuztuaren 5ean, Gasteizko jaien inguruko saio berezia izango da ETB1en. 22:15ean hasita, Andre Maria Zuriaren egunak emandako onena ikusi ahal izango da, Ilaski Serranoren eskutik.
Urtero legez, Udaletxeko plazan egiten duten Gasteizko zortzikoa nola dantzatzen duten ikusiko dugu lehenengo, eta Ikurrinaren Omenaldia aurkeztuko du gero Ilaskik. Algara dantza taldearen eskutik, hainbat euskal dantza ikusiko dira, txistu, txirula, trikiti eta gaita doinuekin. Guztira, 150 dantzaritik gora bilduko dira plazan, eta ikurrina omenduko dute elkarrekin. Egun honetako ekitaldirik jendetsuena izaten da ikurrinaren omenaldia, eta ETB1ek osorik eskainiko du.
Abuztuaren 7an, lehendabiziko aldiz, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera eskainiko da ETB1en zuzenean, Ilaski Serranok aurkeztuta, 11:45ean.
Egun berean, halaber, Gasteizko Txistulari Kontzertua izango da ikusgai, Euskal Herriko Txistulariak, Udal Folklore Akademia eta Indarra Dantza Taldearen eskutik. Musika eta dantza emanaldia astelehenean grabatuko da Aihotz plazan, eta asteazkenean izango da ETB1en ikusgai, 22:15ean.
Azkenik, jaiei amaiera emango dien Zeledonen Igoera eskainiko du ETB1ek, ostiralean, abuztuan 9an, 00:30ean, Ilaski Serranoren kontakizunarekin.
Horrez gain, Andre Maria Zuriaren jaietako pilota torneoaren emanaldiak eskainiko ditu ETB1ek Ogueta pilotalekutik.
Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en, eta Andre Maria Zuriaren jaien inguruko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa ikusteko aukera izango da bertan.
Programazio berezia EiTBko irratietan
Urtero bezala, jarraipen berezia egingo du Radio Vitoriak, eta jaien azken orduaren berri emango duten saio bereziak eskainiko ditu egunero.
Igandean, 17:00etan, Joseba Fiestras eta Arantza Lalinde kazetariek gidatuko duten irratsaio bereziak Zeledonen jaitsiera eskainiko du zuzenean. 22:00ak bitartean arituko dira egunak emango duen jai giroaren eta ekitaldien berri emanez, eta eguneko protagonistak elkarrizketatuko dituzte.
Astelehenean, festen egun handian, 06:30ean, Arrosarioaren Egunsentiko Prozesioaren eta ondorengo mezaren kontakizuna egingo dute. 09:00etatik 14:00etara, Elena Zudairek gidatuko duen 'Jaietan' saioa eskainiko dute Andre Maria Zuriaren plazatik zuzenean. Besteak beste, dianak, lore eskaintza, Gasteizko zortzikoa, bertsolariak eta jai giroa izango dituzte hizpide. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek hartuko dute saio bereziaren gidaritza, Andre Maria Zuriaren plazatik zuzenean.
Asteartetik ostiralera, abuztuaren 6tik 9ra, egunero, Elena Zudaire eta Josune Vélez de Mendizabal kazetariek aurkeztuko dute goizeko saio berezia 12:00etatik 14:00etara. Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsieraren (abuztuak 7) eta Beteranoaren Egunaren (abuztuak 8) berri emango dute, besteak beste.
Halaber, arratsaldero, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek izango dute saio bereziaren ardura, 17:00etatik 20:00etara.
Ostiral gauean, orobat, jaiei amaiera emango dien irratsaioa eskainiko dute Fiestrasek eta Lalindek. Gauerdian hasi eta 01:30 arte iraungo duen saio bereziak zuzenean eskainiko du Zeledonen Igoera eta agur esango die Gasteizko jaiei.
Bestalde, Radio Vitoriak, urtero bezala, su artifizialen lehiaketa antolatzeko lanetan parte hartuko du, eta blusa eta neska elkarteek antolatutako hainbat ekitalditan ere izango da; fototxikin, Zoroaken Mario Kart zirkuituan, Haurren Gynkana Handian eta Bereziak taldearen sukalde lehiaketan, besteak beste.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, halaber, zuzenean emango dute Zeledonen Jaitsiera. Radio Euskadik Radio Vitoriarekin bat eginez, eta Euskadi Irratiak Aitor Perez eta Zuriñe Etxeberriaren kontakizunarekin.
Radio Euskadin, gainera, ataltxo propioa izango dute Gasteizko jaiek 'Entre Calles' eta 'Graffitti' saioetan, Aitor Perez kazetariaren eskutik. Halaber, Euskadi Irratiko 'Blai' eta 'Txiriboga' saioek jaien inguruko atal berezia eskainiko dute egunero, Aitor Perezekin bat eginez.