EITB TALDEA
Aplikazioak
Nola entzun eta ikusi EiTB? Erantzuna, hemen
eitb.eus
Teknologia-aurrerapenei esker, egun EiTB ikusi eta entzuteko modu bat baino gehiago dago. Telebistan edo irratian ez ezik, ordenagailuan, tabletean eta telefono adimendunean ere jaso daitezke edukiak.
Euskal Irrati Telebistaren edukiak ikusi eta entzuteko moduak aldatu egin dira azken urteetan teknologiak izan duen bilakaeraren ondorioz. Egun, telebista ez da nahitaez behar EiTBren telebista-kateak ikusteko, eta irratia entzuteko aukera bat baino gehiago dago. Internetek edukiak munduko edozein txokotatik jasotzeko aukera ematen du.
eitb.eus atariak EiTBren edukietako asko zuzenean eta nahieran jarraitzeko aukera ematen du. Ematen ari diren edo aurretik eman diren edukiak hasieratik ikusteko aukera dute ikusleek, eta nahi dutenean, zuzenean ikustekoa. Horrela, bada, telebistan hasita dagoen saio bat lehen unetik ikus daiteke, ezer galdu gabe, eta, are gehiago, aurreko saioak ere ikus daitezke, atzerako gezien bidez. Hartara, duela gutxi izandako saioak zuzeneko orrian topa daitezke.
EiTBren edukiak modu egokian ikusteko, 1 MB-ko konexioa behar da, gutxienez, eta, horrez gain, Chrome, Firefox, Explorer edo Safari nabigatzaileen azken bertsioak izatea komeni da.
Irratia entzuteko modu berriak
Irratietako edukiak, berriz, irratietan ez ezik, Internet eta telebista bidez ere entzun daitezke. Sarean, podcast zerbitzua eskaintzen du EiTB Taldeak. Erabiltzaileak harpidetza egin dezake, sindikatzeko programak erabiliz, eta hautatu duten saioaren eduki berriak daudenean, horien berri jasoko du automatikoki. Horrela, edukietarako sarbidea dago podcastak eransteko tresna batean, mugikorretarako aplikazio batean edo RSS irakurgailu batean.
Telebistan, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika irratien zuzeneko emankizunak ere entzun daitezke, eta, gainera, eitb.eus-eko erabiltzaileek bidalitako Euskal Herriko txokoetako argazkiak ikus daitezke aldi berean azken horretan.
EiTBren edukiak, beraz, Interneten ere jaso daitezke, ordenagailu, telefono adimendun zein tableten bidez. Gailu mugikorretarako lau aplikazio hauek ditu gaur egun EiTBk erabiltzaileen esku (EiTB, Gaztea, Hiru3 eta Go!azen), eta iOS eta Android sistema eragileetarako daude eskuragarri.
Telebistan berrikuntzak
Telebistek aldaketa nabarmenak izan dituzte azken urteetan: Lurreko Telebista Digitala, HbbTV plataforma, telebistetarako aplikazioak... Esan bezala, baina, orain, irratia ere entzun daiteke telebista bidez, eta airean dagoen saioa hasieratik ikus daiteke, baita aurrekoak ere. Gaur egun, fabrikatzaile handienen telebista adimendunetan (Smart TV) EiTBren aplikazioa ere badago erabilgarri. Horri esker, Euskal Irrati Telebistaren edukiak nahierara kontsumi ditzakete ikus-entzuleek.
Era berean, EiTBk sare sozialen bidez zabaltzen ditu edukiak. EiTBk kontuak ditu sare sozial nagusietan, Taldearen hiru helburu nagusiak betetzeko: erabiltzaileekin interakzio handiagoa bultzatzeko, marka indartzeko eta eitb.eus atari korporatiborako audientzia lortzeko.
EiTBk ia 300 orrialde ofizial ditu Facebooken; 100dik gora, Twitterren; eta 300.000 harpidedun baino gehiago, Youtuben. Horrez gain, 500.000 argazki inguru ditu Flickerren, 10 marka ditu Instagramen, eta enpresa orrialde bat du Linkedinen.