EITB TALDEA
TDT emisioan
HBBTV zerbitzua jarri du martxan EiTBk
EITB
Ikus-entzuleari aukera emango dio jada emisioan dagoen saioa hasieratik ikusteko eta 'EiTB Nahieran' plataformako edukiak telebistan ikusteko. Euskal Telebistako TDT kanaletan egongo da erabilgarri.
2018ko ekainaren 8tik aurrera, HBBTV zerbitzu berria jarri du abian EiTBk TDT emisioan. Horri esker, edukiak kontsumitzeko orduan aukera gehiago emango dizkio ikus-entzuleari. Besteak beste, erabiltzaileek aukera izango dute jada emititzen ari den saio bat hasieratik ikusteko eta EiTB Nahieran plataformako edukiak telebistan modu errazean ikusteko.
Aukera berri hauekin guztiekin gozatzeko nahikoa izango da telebista aparailuaren urrutiko aginteko koloreak eta geziak erabiltzea. Botoi horiak aukera emango du jada hasita dagoen saioa hasieratik ikusteko; botoi gorriak, bestalde, EiTB Nahieran plataformara zuzenean joateko aukera emango dio erabiltzaileari; azkenik, botoi berdeari esker, ETBk azken zazpi egunetan eskainitako saioak ikusteko aukera egongo da.
TDT seinaleari lotutako zerbitzua da HBBTV, eta hori erabiltzeko beharrezkoa izango da norberaren telebistak Interneterako konexioa izatea. Euskal Telebistako edozein kanal sintonizatzerakoan, mezu bat agertuko zaigu pantailan eta horri esker jakingo dugu gure aparailuan zerbitzua konfiguratu dagoela.
EiTB taldeko irratietara ere zabalduko da HBBTV. Hala, gure telebistan eskuragarri izango ditugu Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika, eta, une horretan emisioan dagoen saioa entzuteaz gain, aukera izango dugu EiTBko erabiltzaileek Euskal Herriko txoko guztietatik bidaltzen dizkiguten argazki ikusgarrienekin gozatzeko.