EITB TALDEA
Lankidetza Hitzarmena
Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen plana berritu dute EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak
EiTB
Hitzarmenak zehaztutako ekimenak hauek dira, besteak beste: memoria eta giza eskubideei buruzko hainbat dokumental eta komunikabideentzat antolatuko den jardunaldi berezitua.
-
Maite Iturbe eta Jonan Fernandez. Argazkia: EiTB.
Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusiak eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak 2017-2020rako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren esparruan bakearen kultura hedatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan (maiatzaren 24an) Bilbon.
EiTBren zuzendari nagusiak Komunikazio Taldearen asmoa "euskal gizartea egituratzen laguntzea da, elkarbizitza demokratikoko eta aniztasuna errespetatzeko gizartea sustatuz" esan du. Eta erantsi, "hartara, bakearen aldeko kultura eta memoria modu eraginkorrean bultzatzeko eta terrorismoak euskal gizartean izan duen eraginaren kontakizun objektibo eta egiazko bat eraikitzen laguntzeko". Helburu hori Programa-kontratuan agertzen dela azpimarratu du Iturbek.
Jonan Fernandezen arabera, "giza eskubideak ezinbesteko erreferentzia dira justizia, askatasuna, berdintasuna eta solidaritatea oinarritzat nahi dituen edozein antolamendu sozial zein politikorentzat. Bizikidetza integratu eta integratzailea eraikitzea denok partekatu beharreko eginkizun bat da. Letra larriz idatzitako auzolanaren zati bat da. Horixe da bake eta bizikidetzarako euskal eredua. Eginkizun partekatu horretan, hedabideen papera eta, bereziki, hedabide publikoen papera oso garrantzitsua da". Fernandezek adierazi du EiTBrekin egindako hitzarmenak agerian jartzen duela "pentsaera hori, giza eskubideak oinarritzat dituen bizikidetza-kulturaren zabalkundea sustatzen duena".
Itunaren arabera, euskal gizartearen adostasun sozial eta politikorik garrantzitsuenek bultzatutako xede etikoekin eta demokratikoekin konpromisoa hartua duen argitaratze-ildoa garatzen jarraituko du EiTBk. Xede horiek guztiak hiru ardatz handi hauetan labur daitezke: indarkeria eza, giza eskubideak eta bizikidetza.
Zerbitzu publikoko programak egingo ditu EiTBk, zintzotasunez, zorroztasunez eta objektibotasunez informatzeko eta dokumentatzeko konpromisoa hartuta, gardentasunez jokatuz eta hainbat ikuspuntu emanez. Oinarri horren gainean jarraituko du hauen guztien jarraipena egiten eta hauek guztiak zabaltzen: giza eskubideekin, biktimentzako laguntzarekin, bakearen kulturarekin, memoriarekin eta horien guztien lekukotzekin lotura duten gertakariak, berriak eta egitateak, bai eta hezkuntzaren, parte-hartzearen eta bizikidetzaren alorreko proiektuak eta gizarte-ekimenak ere.
Pieza dibulgatiboak eta dokumentalak
2018an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena dela-eta, EiTBk giza eskubideei buruzko bi dibulgazio-pieza txertatuko ditu bere telebista-kanaletan, irratian eta Interneten. "Haien edukiak bizikidetzaren eta giza eskubideen pedagogia egiteko xedea izango du, bai iraganaren memoria kritikoari bai bizikidetzaren inguruan azaleratzen ari diren erronkei dagokienez, EiTBk giza eskubideekin duen konpromisoa aipatuz", azaldu du Iturbek.
Memoriaren Egunaren eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren artean, hots, azaroaren 10etik abenduaren 10era, saio bereziak eskainiko ditu EiTBk euskarri guztietan. Bi egun horien arteko aldiak garrantzi berezia izango du aipatutako gai horiek garatzeko. Ildo horretan, EiTBk memoriaren eta giza eskubideen ikuspegi bikoitz horri heltzen dioten dokumentalak sustatuko ditu.
Komunikazio-taldeek bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan azaleratzen ari diren erronken tratamenduan daukaten egitekoa aztertzeko asmoz, jardunaldi tekniko eta akademikoa egingo du EiTBk legegintzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-talde gisa zeregin eta erantzukizun hori baitu. Jardunaldi horretan goi-mailako profesionalek hartuko dute parte.
Bestalde, Esparru-akordio honetan jasotako edozein ekimenetan, lankidetzan, sustapen-ekintzetan eta antolakuntza-jardueratan ekarpenak egin edo kontaktuak zein harremanak kudeatzeko laguntza eskainiko dio Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak EiTBri. Ildo horretan, esparru-akordio honetan aurreikusitako edozein ekimen garatzean, hedabideetan bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiteko asmoz Europar Batasunak eta nazioarteko beste erakunde batzuek sustatutako programa espezifikoetan behin-behinean parte hartzen saiatuko da Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia.