Itxi

EITB TALDEA

Bertsolaritza

Finalari jarraipen zabala egingo diote EiTBko hedabide guztiek

A.E.|EiTB

Lujanbio, Mendiluze, Sarriegi, Arzallus, Gaztelumendi, Colina, Elortza eta Agirre bertsolarien lehia 10:45etik aurrera zuzenean eskainiko da.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala eskaintzeko ahalegin berezia egingo du gaur -abenduak 17- EiTBk hedabide guztietan. BECera joaterik ez duten bertsozaleek telebista, irrati edo Internet bidez jaso ahal izango dute ekitaldi garrantzitsuaren berri zuzen-zuzenean.

Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean eskainiko du Bertsolari Txapelketaren finala igandean, abenduaren 17an. ETB1ek, goizeko saioa jarraitzeko asmoz, 10:45etik aurrera egingo du bat BECeko aretoarekin. Ondoren, bazkalorduaren ostetik, 16:20ean berrekingo zaio emanaldiari. ETB1ek zuzenean eskainiko du finala Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren eskutik. Ilaski Serranok, berriz, elkarrizketak egingo dizkie hainbat gonbidaturi BECen. 40 bat laguneko lantaldea arituko da lanean eta bezperan hasiko dira muntatu eta frogak egiten. Guztira bederatzi kamera erabiliko dituzte, horietatik bat kamera robotizatua da eta bi buru bero. Zuzeneko emanaldi berezi, zaindu eta garrantzitsuenetakoa da ETBrentzat Bertsolari Txapelketako finala.

Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina , Igor Elortza eta Unai Agirre nor baino nor gehiago arituko dira igandeko final handian. Sebastian Lizaso 1986ko txapeldunak jarriko dio amaitzean txapela irabazleari.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik jarraipen zabala

Igandean Euskadi Irratiko 'Amarauna'ko lantalde bat bertan izango da zuzenean berri emanez BECetik goiz osoan zehar. Irratsaioan parte hartuko dute, besteak beste, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Sebastian Lizaso txapel jartzaileak eta gonbidatuen artean izango diren Arantxa Urretabizkaiak eta Pedro Miguel Etxenikek.

14:00etatik aurrera, Xabier Sukiak BECetik egingo du zuzenean 'Hitza Jolas' saioa eta arratsaldean, 16:00etatik aurrera zuzenean eskainiko da finala.

Biharamunean txapeldunarekin hitz egingo du 'Albiste Faktoria'n Maite Artolak 9:00etatik aurrera, eta finaleko pasarterik onenak izango dira entzungai 'Faktoria' magazinean 10:00etan eta 'Hitza Jolas' saio berezian 21:00etan.

Radio Euskadin, Beñat Zamalloak eta Amaia Uribek BECetik Radio Euskadiko irratsaio eta albistegietarako, hurrenez hurren, berri emango dute zuzenean egun guztian zehar. Horrez gain, 'Más Que Palabras' saioan honako gonbidatuak izango dituzte: Nere Erkiaga, Andoni Egaña eta Miren Amuriza. Berebat,  astelehenean 'Boulevard' irratsaioan ekinaldi honetako txapelduna elkarrizketatuko dute.

Zuzenean kontatuko du eitb.eus-ek

eitb.eus-ek BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, gertatutako guztia kontatuko du zuzen-zuzenean.

Txapelketan zehar izandakoak Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren webgune berezian jaso ditu eitb.eus-ek, eta igandekoari, finala izaki, merezitako jarraipena egingo dio.

Goizeko eta arratsaldeko saioen seinalea zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, bertsoak bota ahala, nabarmenenak bideo formatoan jasotzen joango da eta zuzeneko kontaketa egingo da. Bertan, bertso saio bikainenen bideoak, egunak emandako argazki gogoangarrienak eta sare sozialetako aipamen nabarmenenak eskainiko ditu eitb.eus-ek. Kontaketa 10:30ean hasiko da.

Sare sozialetan ere ahalegin berezia egingo da, Txapelketaren nondik norako guztiak uneoro Twitter eta Facebook bidez partekatuz.