Itxi

EITB TALDEA

Elkartasuna

UNICEF eta EiTB bat eginda, haurren heriotzen aurkako borrokan

A.A.

EiTB

Orain ezin gara lokartu kanpainaren aurkezpena egin dute Africa Baeta kazetariak eta Alex Ubago abeslariak lagunduta.

  • Carlos Epalza, Africa Baeta, Alex Ubago eta Maite Iturbe gaurko aurkezpenean

    Carlos Epalza, Africa Baeta, Alex Ubago eta Maite Iturbe gaurko aurkezpenean

UNICEF Euskal Herriko Batzordeak eta EiTBk, Africa Baeta kazetariaren eta Alex Ubago abeslariaren laguntzaz, haurren heriotzen aurkako Orain ezin gara lokartu kanpaina aurkeztu dute. Bost urtez azpiko 17.000 haur baino gehiago hiltzen dira egunero txerto bat, elikadura egokia edo ur edangarria ez dituztelako. Ekidin ditzakegun arrazoiak dira eta mobilizaziorako deialdi bateratua egin diote euskal gizarteari, haurren heriotza tasa zero izan dadin.

Elkartasun kanpaina honen aurkezpena gaur (urriak 27) egin da Bilboko EiTBren egoitzako Multibox aretoan. Bertan, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Carlos Epalza UNICEF Euskal Herriko Batzordearen presidenteak, Africa Baeta kazetariak eta Alex Ubago abeslariak hartu dute parte.

Haurren biziraupen indizeek gora egin dute nabarmen 1990. urtetik. Bost urtez azpiko umeen heriotza kopurua ia erdira murriztu da, 12,7 milioitik 6,3 milioira. Ordutik hona aurrera pausuak egon diren arren, lan asko dago oraindik egiteko, eta horixe da UNICEFen Orain ezin gara lokartu kanpainaren helburua: haur gehiagoren bizitza salbatzea.

Kanpaina honetan parte hartzeko mezu bat bidaltzea nahikoa da UNICEF hitzarekin 28028 zenbakira. Halaber, webgunearen bidez ere bidera daiteke laguntza hori.

2010ean hitzarmena sinatu zutenetik, EiTBk tinko eusten dio UNICEFen haurren eskubideen defentsarako eta garapenerako programei babesa ematen. Iaz, Cumpledías ekimenean eta Siriako haurren egoeraz ohartarazteko kanpainarekin egin zuen bat. Oraingo honetan, Orain ezin gara lokartu kanpainarekin iragarkia telebista eta irrati guztietan emango du, gizartea ohartarazi eta haur askoren bizitza salbatzea gure esku dagoela esanez.

Oraindik ere, pneumonia, sabelekoa eta malaria dira, desnutrizioarekin batera, haurren hilkortasunaren arrazoi nagusiak. Immunizazio kanpainek difteria, tetanos, kukutxeztul eta elgorriaren ondoriozko 2 eta 3 milioi heriotza bitartean ekiditen dituzte urtero. 2013an UNICEFek 2.790 milioi txerto banatu zituen munduko haurren herena immunizatzeko. Ekidin eta tratatu daitezkeen arazoak dira, tratamendua berehala jasoz gero, umeen bizia salba baitaiteke. Ur edangarria izateak sabeleko gaixotasunak saihesten ditu, urtero 5 urtez azpiko 567.000 umeren heriotza eragiten dutenak.